kultura
ZEA MAYS
Aiora Renteriak, Zea Mays taldeko abeslariak, denbora batez agertokiak utzi ditu minbiziaren ondorioz
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Musikari bilbotarrak sare sozialetan iragarri duenez, umetokiko minbiziagatik ebakuntza egin diote urgentziaz. Jasotako babes guztia eskertu du, eta musika "funtsezko sendabidea" izaten ari dela gaineratu du.
-
Aiora Renteria. Artxiboko argazkia: Gaizka Peñafiel.
Aiora Renteria Zea Mays rock talde ezaguneko abeslariak "denbora batez" agertokitik aldentzea erabaki du umetokiko minbiziagatik urgentziaz ebakuntza egin ostean.
Bilboko abeslariak sare sozialetan iragarri duenez, "dena ondo joan da. Hala ere, agertokietatik aldentzea erabaki dut", azaldu du.
Iragarpenaren ostean, berehala iritsi dira zaleen maitasun hitzak. Hala, jasotako babes guztia eskertu du Renteriak, eta musika, "oinarrizko sendabidea" izaten ari dela gaineratu du.
"Bizitza etengabeko aldaketa da, eta talde gisa egoera berri batera egokitu behar dugu. Oholtza gainean eusten didan eta indarra ematen didan gorputzak lehentasuna eskatu dit ", adierazi du 1997an sortutako talde bilbotarreko abeslariak.
Zaleek ez ezik, Euskal Herriko talde eta bakarlari ugarik ere beren babes helarazio diote abeslari bilbotarrari, besteak beste, Gatibuk, Bulego taldeak, Izaro Andresek edo Gorka Urbizuk.
"Animo, zaindu eta besarkada handi bat Aiora, zure ahots berdingabearen zain geratzen gara", esan du Urbizuk. Gatibu taldeak, berriz, ondorengo hitz ederrak eskaini dizkio Renteriari: "Animo Aiora!! Laster oholtza elkarbanatuko dugu eta ospatuko dogu kopak altsatuz. Besarkada bat eta egurre!".
Momentuz, beraz, Zea Mays taldeak ez ditu kontzertu gehiago eskainiko, baina abeslariak bere sare sozialetan esan moduan, "ahal den arinen eta energia guztiarekin zuekin egotea espero dugu".