kultura
TRIKITIXA
Ramon Zubizarreta 'Landakanda' panderojolea hil da, 88 urterekin
E. J. | EITB MEDIA
Azkoitiko musikari ezagunak Iñaki Garmendia 'Laja' trikitilariarekin bikotea osatu eta Euskal Herriko plaza ugari alaitu zituen hamarkada luzez.
Ramon Zubizarreta Landakanda panderojole ezaguna hil da larunbat honetan, irailak 25, 88 urte zituela. Azkoitiko musikari ezagunak Iñaki Garmendia Laja trikitilariarekin bikotea osatu eta Euskal Herriko plaza ugari alaitu zituen musikaz hamarkadaz hamarkada, 2001ean bikotea utzi zuten arte.
1932an jaio zen Ramon Zubizarreta Landakanda baserrian eta handik hartu zuen izen artistikoa. 18 urterekin jo zuen lehen aldiz jendaurrean panderoa eta maisu bilakatu zen trikiti munduan.
2011n "Landakanda, panderoaren errege" biografia liburua kaleratu zuen Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak omenaldi gisa.
Iñaki Garmendia Laja urtetan bikote artistikoa izan zuena duela bi urte hil zen eta hari buruz hitz egin zuen, hain zuzen ere, aurtengo urtarrilean ETB1en, Biba Zuek saioan. Elkarrizketa hura izan zen Landakandak EITBn eman zuen azkena:
Programa hartan "Mendiko osasuna" kanta jo zuten Landakandak eta Josu Arrizabalaga Izer trikitilariak Laja oroituz.
Landakandaren hileta elizkizuna etzi, astelehena, izango da, 19:00etan Azkoitiko parrokian.