Itxi

kultura

Bizkaia

Ibarrolaren basoa Omako beste pinudi batean margotu eta 2022ko udan zabalduko dute

Agentziak | EiTB Media

Baso Margotuaren erreplika egiteko 27 kokapen desberdin aztertu ditu Aldundiak, baina azkenean alboan dagoen lursail bat aukeratu du, Oma haranean, Basobarri mendian.

1:9
Omako basoa, egun dagoen lekuan. Argazkia: Jesus Maria Tortajada

Baso Margotua, Agustin Ibarrola artistak 80ko hamarkadan egindako artelana, alboko pinudi batean berriro margotuko dute, Oma haranean (Bizkaia). 2022ko udan zati bat zabalduko dute, eta 2023an osorik.

Baso Margotuak izango duen kokapen berria jakitera eman dute Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Jose Ibarrola artistaren semeak. Hilabeteak eman dituzte kokalekua bilatzen, artelanaren pinuak zahar egin direlako, eta gaixotasunak jota daudelako.

Baso Margotuaren erreplika egiteko 27 kokapen desberdin aztertu ditu Aldundiak, baina azkenean alboan dagoen lursail bat aukeratu du, Oma haranean, Basobarri mendian.

Radiata pinu beste baso bat da, 13 hektarea ditu (egungoaren hirukoitza), "adinik onena" duten pinuekin, 30-35 urte artean, eta "osasun egoera onean". "Land art" obrari etorkizuna emateko "mihise" berria izango direla azpimarratu du Rementeriak.

Hauxe izango da Ibarrolaren Basoaren kokapen berria

Hauxe izango da Ibarrolaren Basoaren kokapen berria

2020ko otsailean Omako Basoaren erreplika bat egiteko egitasmoa iragarri zuen Aldundiak, Ibarrolaren pinuak hiltzen ari zirelako. Zuhaitz zaharrak dira, eta gainera, xingola marroia pinuen gaitzak jota daude. Ondorioz, bisitak amaitu eta basoa itxi behar izan zuten.

Rementeriak nabarmendu duenez, 100.000 bisitari har ditzakeen "kultura altxorra" da.

Proiektua Agustin Ibarrolaren familiaren "babesarekin" aurrera eramaten ari direla goraipatu du ahaldun nagusiak. Jose Ibarrola seme margolariak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederretako Fakultatearen lantalde bat zuzenduko du, zuhaitzetan artelana errepikatzeko.

Rementeriaren ahotan, lursail berriaren morfologia "ezin hobea" da Ibarrolaren margolanak ulertzeko, horietako asko "elkarrizketan" ari direlako zuhaitz ezberdinetan. Gainera, azpiegitura eta sarbide berriak egitea ez da beharrezkoa izango, gaurkoek balio dutelako, zoriondu da ahaldun nagusia.

Foru Gobernuak milioi bat euro inbertituko ditu egitasmoan. 2022ko maiatzean margotzen hastea espero dute.

Jose Ibarrolak ez daki "transplante" edo "birkokapen" bezala definitu behar ote den, baina artelana modurik hoberenean "berridatziko" dute, aitaren "estiloa, modua eta forma" errespetatuz.