kultura
KULTURA
Getariak 'Elkano battela, xumea baina gurea' ikuskizuna izango du ekainaren 5ean
EITB MEDIA
Munduko lehen itzulian oinarritutako ikuskizunaren estreinaldia 19:00etan hasiko da Iturzaeta Herri Eskolan. Edukiera mugatua izango da eta sarrera izatea beharrezkoa izango da.
-
'Elkano battela, xumea baina gurea' ikuskizuna. Argazkia: Elkano Fundazioa
Getariak (Gipuzkoa) 'Elkano battela, xumea baina gurea' estreinatuko du ekainaren 5ean, Koldo Amestoy ipuin kontalariaren, Nerea Alberdi konpositorearen eta Kepa Elgoibar musikariaren artean sortutako helduentzako ipuin eta musika ikuskizuna.
Elkano Fundazioaren arabera, 19:00etatik aurrera Iturzaeta Herri Eskolan, "musikaz eta literaturaz osatutako bidaia onirikoan eramango dute publikoa, Juan Sebastian Elkano Getariako kapitainak Lurraren inguruan hiru urtez egindako ibilbidean zehar".
Lehen mundu-biran inspiratutako ikuskizunerako sarrerak doakoak dira eta udalerriko turismo bulegoan eska daitezke asteartetik (ekainak 1) aurrera. Edukiera mugatua izango da.
'Elkano battela, xumea baina gurea' Elkano Fundazioaren eta Euskal Kultur Erakundearen (EKE) arteko lankidetza-hitzarmen baten emaitza da. Lan honen helburua da, literatura- eta musika-sorkuntzaren bidez, helburua da Elkano eta lehen zirkumnabigazioa ezagutaraztea, eta garai hartako euskal testuinguru soziala, ekonomikoa eta kulturala, euskal itsasbazterreko herriek partekatzen dutena.
Ikuskizunean, Koldo Amestoy narrazio-ahotsaz arduratzen da, eta Nerea Alberdi eta Kepa Elgoibar, berriz, abesteaz eta zuzeneko musikaz. Alberdik biolina, biola eta instrumentu txikiak tartekatzen ditu, eta Elgoibarrek akordeoia, gitarra eta perkusioa.
Amestoyk azaldu duenez, ikuskizuna "aniztasunaren gorespen bat da" eta "Elkanoren ibilbidean topatu ditudan baina hark inoiz entzun ez zituen kontakizun eta kondairen inguruan egituratzen den narrazio bat biltzen du". Alberdik, bere aldetik, kontakizuna lotu eta girotzen duen partitura garatu du "toki askotako herri-musikaren kutsuekin" eta "Elkano igaro zen lekuetako kulturen folkloreetan zeharreko bidaia onirikora" eramaten du ikuslea.
Getarian estreinatu ondoren, ikuskizuna Ipar Euskal Herrian antzeztuko da, eta Elkano Fundazioa lanean ari da ikuskizuna beste euskal udalerri batzuetara eramateko, bereziki lehen mundu-birarekin lotura duten herrietara.