kultura
Hizketaldi Handia
Mikel Laboaren "Lekeitioak", bi eguneko elkarrizketarako abiapuntu Tabakaleran
N. V. | EITB Media
Martxoaren 5 eta 6an, hitzaldiak, proiekzioak, performanceak, kontzertuak eta mahai inguruak Donostiako arte zentroan, Itxaro Borda, Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziak hauspotuta.
-
Mikel Laboaren obratik abiatuta, hamaika gai izango dira hizpide Tabakaleran
Martxoaren 5 eta 6an, Hizketaldi Handia: Non dago Lekeitio? saioa izango da Tabakaleran, Mikel Laboaren “Lekeitioak” abiapuntu hartuko duten hitzaldi, mintegi, erakusketa eta musika emanaldiak.
Komunikazio-Inkomunikazio erakusketa proiektuaren atarikoa da, eta Itxaro Borda, Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziak proposatu dute eztabaidarako espazio hau.
Hizketaldi Handiaren egitaraua martxoaren 5ean, ostiralean, abiatuko da, hain zuzen, Bordak, Lujanbiok eta Erkiziak egingo duten sarrerarekin.
Ondoren, martxoaren 6an, larunbatean, bakoitzak mahai-inguru baten ardura hartuko du goiz eta arratsalde luzatuko den programaren barruan.
Musika, herri kultura, literatura abangoardiek bultzatutako saiakera fonetikoak, jarduera artistikoa, komunikazioa, tradizioa eta zarata hartuko dute hizpide, besteak beste, Beñat Achiaryk, Juan Garziak, Karine Etxeberrik, Iván de la Nuezek, Bernardo Atxagak eta Ainara Santamariak.
Hizketaldi handiaren sarrera doakoa izango da Tabakalerako Patioan, baina aldez aurretik eskuratu beharra dago sarrerak.tabakalera.eus webgunean.