Itxi

kultura

Pizgarria

Gipuzkoak 10.400 kultura bonu berezi aterako ditu

Agentziak | Erredakzioa

8 eta 12 euro arteko beherapena eskainiko duten bonuak uztaileko lehen astetik aurrera erosi ahalko dira, eta irailaren 30a baino lehenago erabili.

  • Liburu denda bat

    Literatura, zinema eta musika gaietan gastatu ahalko dira bonuak. Argazkia: Efe.

Gipuzkoako Aldundiak Kultura Bonuen edizio berezia abiatu du udara begira, “kultura lehen mailako ondasun gisa gozatzea eta sektorea berreskuratzea” sustatzeko, “funtsezkoa baita une honetan”.

Uztaileko lehen astean, 10.416 bonu jarriko dituzte salgai literatura, musika eta zinema gaien kontsumoa sustatzeko 8 eta 12 euro arteko beherapenekin.

10.416 bonuetatik 4.168 euskarazko kultur produktuak erosteko izango dira, eta 6.258 beste hizkuntzetakoak eskuratzeko. Ekimena finantzatzeko, Kultura Departamentuak 100.000 euro bideratuko ditu.

Programarekin bat egin duten saltoki guztiek erraz identifika daitekeen berezigarri bat erakutsiko dute, hala nahi dutenek erosi den lokalean bertan irailaren 30a baino lehen erabili behar den bonua eskura dezaten.

Euskarazko bonuek 12 eurora arteko beherapena ekarriko dute, 20 eurora arteko erosketetan, eta beste hizkuntzetakoek 8ra artekoa.

Laguntzak

Mari Jose Telleria Kulturako foru zuzendariak azaldu duenez, autonomoentzako laguntzak ere eskainiko dituzte, pandemiak eragindako galerak arintze aldera. Egoitza soziala Gipuzkoan duten pertsona fisikoek jaso ahalko dituzte dirulaguntzok, beren jarduera lurraldean gauzatzen dutenek eta kultura arloko profesionalek, norberaren konturako langileak badira, beste batek kontratatu baditzake ere.

Beren jarduera emanaldi artistikoetara edo erakusketetara bideratutako lokaletan egin behar dituzte, ikuskizun publiko edo kolektiboetan, eta covid-19an eragindako alarma-egoerak bere jarduera profesionala eten behar izan du.

Laguntzen banaketa egiteko, onartutako eskabide guztien artean erabilgarri dagoen guztizko zenbatekoa (300.000 euro) lehenetsiko da, onuradun bakoitzari legokiokeen gehieneko laguntzaren arabera. Gehieneko laguntza horrek ez du inola ere gaindituko diruz lagundu daitezkeen kostuen % 90, eskatzaile bakoitzeko 3.000 euroko mugarekin.

Harkaitz Millan Kultura diputatuak azaldu duenez, covid-19aren ondorengo lehengoratzean garrantzia handia izango du “kultura sektorea aintzat hartzeak eta biziberritzeak, kultura albo batera utziz gero ez baita benetako susperraldirik egongo”.