Itxi

kultura

Iruña-Veleia

Bi urte eta hiru hilabeteko zigorraren aurkako helegitea jarriko du Eliseo Gilek

Agentziak | Erredakzioa

Iruña-Veleiako aztarnategi erromatarreko zuzendari ohiaren iritziz, epaiak onartu egiten du, berariaz, ez dagoela frogatuta bera izatea hainbat piezatako grafitoen edo inskripzioen egilea.

  • Eliseo Gil, artxiboko irudian

    Eliseo Gil, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Eliseo Gil Iruña-Veleiako aztarnategi erromatarreko zuzendari ohiak helegitea jarriko du asteazkenean jasotako bi urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorraren aurka (halaber, Arabako Foru Aldundiari 12.490 euro ordaindu behar dizkio); izan ere, Gilen iritziz, epaiak onartu egiten du, berariaz, ez dagoela frogatuta bera izatea hainbat piezatako grafitoen edo inskripzioen egilea.

Gasteizko Zigor-arloko 1. zenbakiko Epaitegiko epaileak iruzurra eta dokumentuak faltsutzea leporatu dizkio; lehenak urtebete eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra dakar, eta bigarrenak, aldiz, urtebetekoa. Epailearen iritziz, Gilek berak manipulatu egin zituen piezak, edo beste pertsona batzuen bidez egin zuen; grafitoak, bere garaian, historikotzat jo zituzten, euskararen agerpena uste baino mende batzuk lehenago kokatzen baitzituzten.

Defentsaren esanetan, epaiak "oso gutxi landutako zantzuak" ditu oinarri, "zigor-epai bat ebazteko moduko pisu juridikorik gabeko zantzuak".

Iruzurraren zigorrari buruz, abokatuak dio epaiak adierazten duela Gil Ruben Cerdanekin, alegia, beste zigortuarekin, ados jarri zela, txosten batzuk egiteko, nahiz eta jakin bazekien analisiak edo zientzia-probak ez zituztela egingo. Horren helburua Aldundiaren 12.000 euroko diru-laguntza jasotzea omen zen. Defentsak, baina, dio epaileak "alde batera utzi duela" Aldundiak berak aurkeztu zuela Cerdan "profesional espezializatu gisa", horrelako probak egiteko, eta foru-erakundeak gomendatu zuela Cerdan arkeologoei.

Gainera, abokatuaren hitzetan, "zentzugabea" litzateke Gilen enpresak Euskotrenekin zuen hitzarmena, 12.000 eurorengatik; izan ere, hitzarmena 3,7 milioi eurokoa zen.

Azkenik, Gilen defentsak dio epaiak alde batera utzi duela ez zegoela inolako arrazoirik Gilek delitu horiek egiteko. Onartzen duenez, "zaila" zen pentsatzea epaiak aske utziko zuela Gil, kontuan izanik azken horrek hamaika urte eman dituela "aulki-zigorraren mendean".