kultura
Deseskalatzea
Euskal museoek berriro zabaldu dituzte ateak, ordutegi eta edukiera murriztuekin
Agentziak | Erredakzioa
Jarduera berreskuratzen lehenak Bilboko museoak izan dira, Guggenheim eta Arte Ederren Museoa. Hasieran, ordutegi murriztua izango dute.
Hego Euskal Herriko museo publiko eta pribatuek ekainaren 1a eta ekainaren 3a bitartean zabalduko dituzte berriro ateak ordutegi eta edukiera murriztuekin, promozio bereziekin eta osasun eta higiene neurri zorrotzekin, azken bi hilabete eta erdia koronabirusagatik itxita eman ostean.
Denetan ohikoa izango da bisitariei sarreran tenperatura neurtzea, eta erakusketak ikusteko derrigorrezko ibilbideak markatuta izatea, beste bisitariekin ez gurutzatzeko; bisitariek eta langileek maskarak jarri beharko dituzte eta zaintzaileak egongo dira gela guztietan pertsonen arteko segurtasuneko 2 metroko distantzia errespetatzen dela ziurtatzeko.
Jarduera berreskuratzen lehenak Bilboko bi museo izan dira: Guggenheim eta Arte Ederren Museoa. Gaur bertan zabaldu dituzte ateak, ordutegi murriztuarekin: Guggenheim, 14:00etatik 19:00etara, eta Arte Ederren Museoa, 11:00etatik 19:00etara.
Azkuna Zentroa, Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroa, ere zabalduko dute.
Arte Ederren Museoak, gainera, 5 euroko tarifa berezia ezarri du, eta, ondorioz, ohiko sarrerak % 50 merkeago salduko ditu lehen aste hauetan, bi hilabete eta erdi itxita egon ostean bisitak bultzatzeko.
Kukai Dantza Taldeak bideo hau prestatu du Bilboko Arte Ederren Museorako
Artium
Asteartean, ekainak 2, Gasteizko Artium Museoa zabalduko dute ordutegi trinkoarekin eta gidatutako ibilbide berriekin. Audiogida eta eskuorrien ordez QR kodeak ezarriko dituzte.
Erakusgelak zabalik egongo dira asteartetik ostiralera, 13:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan eta igandeetan, 12:00etatik 19:00etara. Gainera, asteazkenetan eta igandeetan "Zuk erabaki" tarifa aplikatuko dute, eta doan sartzeko aukera izango da.
Arabako beste museo batzuk ere asteartean irekiko dituzte; Gasteizko Arte Ederren Museoa, besteak beste.
San Telmo Museoa
San Telmo Museoak ere, asteartean zabalduko ditu ateak sormeneko jarduera berezi batekin; klaustroan egingo dute, 11:00etatik 12:00etara, Koldobika Jauregi artistarekin. Astearte eta igande arratsaldeetan, sarrerak doan izango dira 16:00etatik aurrera.
Sarrera-irteerak kontrolatuko dituzte edukiera gehienez ere heren batekoa izateko beti. Horri esker, batez beste pertsona bakoitzeko 16 metro karratuko espazioa izango da. Sala bakoitzeko edukiera kontrolatuko dute, eta erakusketa iraunkorreko ibilbidea zehaztuta egongo da bisitariak gurutza ez daitezen.
Balenciaga Museoa
Getariako Balenciaga Museoa asteartean zabalduko dute, COVID-19aren pandemia geldiarazteko gomendioak jarraitzeko, espazioan, funtzionamenduan eta programazioan beharrezko egokitzapenak egin ostean.
Museoaren edukiera % 50era mugatuta egongo da, eta sarrera ordu-tarteka antolatuko dute. Sarrerak Internet bidez erosteko gomendioa egin dute, eta % 15 merkeago egongo dira guztiak.
Gipuzkoako beste museoak
Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen beste museoak, hau da, Euskal Itsas Museoa, Igartubeiti Baserria eta Zumalakarregi Museoa, asteartean irekiko dituzte. Koldo Mitxelena zentroak, berriz, mailaka berreskuratuko du bere ohiko jarduera, eta astelehen honetan, ekainaren 1ean, liburu-maileguen zerbitzua abiatuko du berriro.
Euskal Museoa eta Berreginen Museoa
Azkenik, ekainaren 3an, Euskal Museoa eta Bilboko Berreginen Museoa zabalduko dituzte. Sarrera doakoa izango da hilabete osoan. Erakusketak ikusteko, ibilbide zehatzak egin beharko dira, eta bisita gidatuak egiteko aukera ere emango dute, banakakoak edo taldekakoak, etxebizitza berean bizi diren pertsonekin. 2 metroko segurtasun tartea gorde beharko da denetan.