Itxi

kultura

Koronabirusa

Kultur jarduerak eta ikuskizunak ekainaren 1etik aurrera itzuliko dira

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ekitaldiak aurrera eramateko bete beharko diren baldintza orokorrak: pertsonen arteko distantzia mantentzea, desplazamenduetan jendetza biltzea saihestea eta garbiketa eta higiene neurriak hartzea.

  • Donostiako Jazzaldia.

    Donostiako Jazzaldia. Artxiboko argazkia: EFE

Ekainaren 1etik aurrera kultur jarduerak eta ikuskizunak antolatu ahalko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Iñigo Urkullu lehendakariak foru aldundietako agintariei eta udaletako ordezkariei gaur aurkeztutako dokumentuan jasotakoaren arabera.

Proposamen horretan, "uda kulturala" ekainaren lehenean abiatzea aurreikusten da, betiere Osasun Sailak ezarriko dituen segurtasun irizpideen arabera. Neurri horiek konfinamendua biguntzeko Eusko Jaurlaritzaren Bizi Berri programa bilduko dituzte.

Betebeharreko arau orokorrak, baina, hauek izango dira: pertsonen arteko distantzia mantentzea, desplazamenduetan jendetza biltzea saihestea eta garbiketa eta higiene neurriak hartzea.

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du erakundeek ez dutela antolatuko edo babestuko aipatu neurriak bermatzerik ez duen ekitaldi, ekimen, ikuskizun edo jairik.

Bileran, foru aldundiek eta udalek euren ekarpenak egin dizkiote Eusko Jaurlaritzaren planari, eta honek datorren astelehenean erantzuteko konpromisoa hartu du.

Aipatu neurriak hainbat kultur zentrotan eta jaialditan hartu beharko dira, hala nola, museoetan, erakustaretoetan, jaialdi handietan, kirol jardueretan, jaietan, hondartzetan, igerilekuetan, parkeetan, gazte eta umeei zuzendutako ekintzetan, liburutegietan, ikasgeletan, liburu azoketan, ekimen erlijiosoetan, zinemetan, antzokietan, kaleko emanaldietan eta txosnetan.  

Irizpide horiek kulturaren eta kirolaren sektoreetako ordezkariekin konpartituko dira, protokoloak elkarlanean adosteko. Horrela, esparru jakin bakoitzerako protokolo propioak landu nahi dituzte, osasuna bermatu eta laneko arriskuak prebenitzeko.

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, irizpide horiek aldiro aztertuko dituzte eta koronabirusaren pandemiaren bilakaeraren arabera eguneratuko dituzte.