Itxi

kultura

Koronabirusa

2021eko udara arte atzeratu dute Boiseko Jaialdia, koronabirusagatik

EiTB.EUS

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, uztailean egitekoa zen aurtengo Jaialdia 2021eko uztailaren 27tik abuztuaren 1era bitartean egingo dute.

  • 2015eko Jaialdiko artxiboko irudia

    2015eko Jaialdiko artxiboko irudia. Argazkia: irekia.euskadi.eus/eu.

Uztailean egitekoa zen 2020ko Boiseko Jaialdia urtebetez atzeratu dute, 2021eko udara arte, koronabirusagatik. Hortaz, Ameriketako Estatu Batuetako Idaho Estatuko hiriburuan bost urtean behin egiten duten Jaialdia 2021eko uztailaren 27tik abuztuaren 1era bitartean egingo dute; ohi bezala, euskal diasporaren garrantzia oso handia den hiri horretan gauzatuko dute.

"2020ko Jaialdia 2021eko Jaialdia da orain! Aurtengo Jaialdia koronabirusagatik atzeratu dugu, baina zuekin guztiekin egiteko irrikan gaude, 2021eko uztailaren 27tik abuztuaren 1era bitartean. Munduko euskal jaialdirik handienetakoa da, Boiseko euskal komunitateak guztioi egiten dizuen oparia. Bost urtean behin, milaka lagun etortzen dira Idahora, planeta osotik, dantzatzeko, jateko, musika jotzeko lagun zaharrekin biltzeko, eta lagun berriak egiteko", adierazi du Jaialdiaren web orriak.

Euzkaldunak euskal etxeko kideek bost urtean behin antolatzen duten kultur ekitaldia da Jaialdia, eta, horri esker, Boise euskal diasporaren hiriburu bihurtzen da hainbat egunez. 2015eko Jaialdian Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen; garai hartan Eusko Jaurlaritzak agiri batean azaldu zuenez, lehendakariak giro "ikaragarria" topatu zuen bertan; lehendakariaren esanetan, "euskal sena" mantentzeak "balio behar digu loturak estutzeko bai ekonomia, gizarte eta baita kultura arloan ere".

Bere ustez, horrek berebiziko garrantzia du "diasporizazioan", hau da, euskal gizartearen nazioartekotzean. "Mundura irteten diren euskaldunek etxe bat dute hemen", adierazi zuen lehendakariak.

kivtiv.com-ek bere web orrian gogora ekarri duenez, Jaialdia 1987an antolatu zuten lehen aldiz, eta 1990etik egiten dute bost urtean behin. Lehen aldiz atzeratu dute orain.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.