kultura
2019ko Forque Sariak
'Lubaki amaigabea', 2019ko pelikularik onena Forque sarietan
Agentziak | Erredakzioa
Jose Mari Goenagak, Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako filma faboritoa izango da Goya sarietan.
Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Lubaki amaigabea pelikulak 2019ko Fikziozko Luzemetrai Onenaren Forque Saria eskuratu du. Andaluzian filmatuta eta Espainiako gerra zibilean kokatuta, filmak 'satorren' istorioa kontatzen du: Francoren altxamenduaren ostean, errepresioaren beldur, bere etxeetan ezkutatu ziren pertsonak, kasu batzuetan 40 urtean kalera irten gabe.
Urtarrilean, Forque Sariak izaten dira urteroko sarien denboraldiari hasiera ematen diotenak Espainiar estatuan. Aurten, Loreak eta Handia zuzendu eta ekoiztu zuen hirukotea saritu dute.
Pedro Almodovarren Dolor y gloria, Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra eta Oliver Laxeren O que arde pelikulak izan ditu 30.000 euroko sariaren lehian.
Lubaki amaigabea filmeko zuzendariek eta ekoizleek jaso dute saria, eta Antonio de la Torre eta Belen Cuesta aktore protagonistei eskaini diote. Senideei etxetik urrun lan egitean izan duten pazientzia eskertu diete.
Madrilen egin dute sariak emateko gala, Santiago Segurak eta Elena Sanchezek aurkeztuta. Hasieran, Segurak Pedro Sanchezen presidenteordeentzat ilara oso bat erreserbatuta zegoela esan zuen, txantxetan.
Jose Guirao jarduneko Kultura ministroa galan izango zela iragarri zuten hasieran, baina larunbatean Jose Manuel Rodriguez Uribes ministro berriaren izena ezagutzara eman zenez, azkenean ez bata ezta bestea ere ez ziren joan.
Bestak beste, Andonio Banderasek gizonezko aktore onenaren saria irabazi du, Dolor y gloria pelikulagatik, eta Marta Nietok, emakumezko aktore onenarena, Rodriguo Sorogoyenen Madre filman egindako lanari esker.