kultura
Iruñea
Udalak 'irregulartasunei' egotzi die Pirritx eta Porrotxen ikuskizuna kendu izana
EITB.EUS
Kultura eta Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, "erabat irregularra zen kontratu bat topatu genuen kaxoi batean gordeta". Nafarroako Kontseiluaren esku dago orain auzia.
Maria Garcia Barberena Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasun zinegotziak (Navarra Suma, Na+) azaldu duenez, kontratazioan aurreko udal gobernuak (EH Bildu) egindako "irregulartasunengatik" utzi dute bertan behera Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Nafarroako hiriburuan eskaini behar zuten ikuskizuna.
Prentsaurreko batean azaldu duenez, "kaxoi batean gordeta topatu genuen Maider Belokik —aurreko Kultura zinegotzia— eta Pirritx eta Porrotxek ekainaren 12an sinatutako kontratu bat". Argitu duenez, halakoek aurrez "txosten juridiko bat izan behar dute, kontratazioa legearen arabera egin dela" egiaztatzeko. Horrez gain, "espediente tekniko bat ere egon behar da, kontratazioa egokia dela justifikatzeko. Kontu-hartze espediente bat ere beharrezkoa da, kontratazioa egiteko diru nahikoa dagoela frogatzeko". Azkenik, "dagokion zinegotziak esleipen ebazpena eman beharko du, eta ondoren, kontratua sinatu".
Kultura zinegotziaren arabera, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kasuan, esleipena "euren etxean aritzeko eginda zegoen, baina ez Udalak antolatutako ekitaldi batean".
Izan ere, kontratazioak "ez die jaramonik egin prozedurei". Hori horrela, ofizioz kontratua berrikustea erabaki zuen Udalak, eta Nafarroako Kontseiluaren esku dago orain auzia. Garcia Barberenaren esanetan, "40 egunen buruan" izango dute erantzuna.
Zinegotziak zehaztu duenez, "irregulartasunak tarteko" Iruñeko Udalak ez zuen ikuskizuna iragarri. Dena dela, salatu du ofiziozko berrikusketa abiatu zutenean "pailazoek euren webgunean iragartzeari" ekin ziotela.
Komunikatua
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek komunikatua plazaratu dute Iruñean jaso duten "boikota" salatzeko, eta astelehenean Katakraken emango duten prentsaurrekora haur eta gurasoak bertara daitezela eskatzeko.
Zentsurari ez! pic.twitter.com/PCputYPX44
— Pirritx Porrotx eta Marimotots (@KatxiporretaEus) November 15, 2019
Arartekoak emanaldia berreskuratzea iradoki du
EiTBko Ahoz Aho saioan jakin ahal izan denez, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Nafarroako Arartekoari kexa bat helarazi diote, eta honek Iruñeko Udalari emanaldia berreskuratzea iradoki dio. Euskararen astea dela eta, pailazoen emanaldia azaroaren 29rako zegoen aurreikusita Baluarten.