Itxi

kultura

Itzultzailea

Euskara-gaztelania-euskara itzultzaile automatiko hobetua aurkeztu du Jaurlaritzak

eitb.eus

Hainbat urtean bildutako itzulpen memoriak baliatuta, “kalitate handiko itzulpenak” lortzen ditu Itzultzaile Automatiko Neuronalak, Eusko Jaurlaritzatik azaldu dutenez. Herritarren eskura dago Sarean.

  • Itzultzaile Automatiko Neuronala

    Itzultzaile Automatiko Neuronala euskadi.eus webgunean dago erabilgarri

Eusko Jaurlaritzak Itzultzaile Automatiko Neuronala aurkeztu du gaur Donostian, adimen artifizialetik abiatuta herritarren erabilerarako sortutako proiektu praktikoa, Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu dutenez.

Gaztelaniatik euskarara zein euskaratik gaztelaniara itzulpenak egiten dituen tresna hau herritar guztien eskura dago www.euskadi.eus/itzuli webgunean.

Adimen artifiziala

Sare neuronalen bidezko itzulpen automatikoa egiten du tresnak, eta “jauzi kualitatiboa da”, Zupiriaren esanetan, orain arte erabili izan diren sistemekin alderatuta, gramatika-analisi eta transferentzian oinarritutakoak, sistema estatistikoak edo horien hibridoak. “Gramatikan eta analisian oinarritutako itzulpenak zuzenak direnean, badute halako kutsu ortopedikoa. Sare neuronalen bidez lortutako itzulpenak erraz irakurtzen dira, koherentzia  dutelako, esaldiaren barruko elementuen arteko lotura ondo mantentzen dutelako”, azaldu du.

Itzultzaile Automatiko Neuronala urte askotako lanaren ondoren sortu da, eta 20 urtez Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) bildutako itzulpen memoriak erabiliz hobetu da: “10 milioi segmentu baino gehiago dituzten datu-baseak ditugu, itzulita, berrikusita eta eguneratuta. Balio kalkulaezina duen itzulpen sistematikoko corpus bat dugu”.

www.euskadi.eus/itzuli webgunean eskegi duten itzultzailea beta bertsioa da, herritarrek proba dezaten, eta hilabete batzuen buruan eskegiko da behin betiko bertsioa. Erabiltzaileak itzulpenaren norabidea hautatu behar du, eta, ondoren, testua sartu, horretarako prestatutako gunean. ‘Itzuli’ botoia sakatuz, segundo batzuk geroago itzulpena eskura izango du. Itzultzaileak 4.000 karaktere dituzten testuak itzul ditzake erabilera bakoitzeko.

Bere helburua, "laguntzea"

Zupiria sailburuak azpimarratu du tresna honen helburua “laguntzea” dela, eta ez itzultzaileen lana ordezkatzea: “Makina batek egindako itzulpena beti gainbegiratu behar da eta zuzendu behar da”.

Urtea amaitu baino lehenago eskuko telefonoetarako eta tabletetarako aplikazioak prest izango direla aurreratu dute sailburuek.