kultura
Bingen Zupiria
'Gaur, kultura elementu estrategikoa da EAEren proiekzioan'
Aurten euskal ordezkariek Eskozian izango duten parte-hartzea nabarmendu, eta Euskaraldiak 2020an izango duen erronka nagusia "gune euskaldunak identifikatzea" izango dela aurreratu du sailburuak.
-
Bingen Zupiria
26:01 min
Eskoziako kultur jaialdietan euskal presentzia bereziki garrantzitsua izango dela azpimarratu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Horrez gain, programatzaileek "gure kultura" aukeratzea garrantzitsua dela esan du. Europan garrantzitsuak izateko, EAEko eskaintza kulturala "gehiago interkonektatu behar da eta atzerrirako jauzia eman behar du", onartu du Zupiriak. "Aurreko garaietan ez bezala, kultura elementu estrategikoa da EAEren proiekzioan", nabarmendu du sailburuak. Horrekin lotuta, datorren urtean euskal ordezkariak Quebecen izatea bultzatuko dutela adierazi du.
Ekonomia sailburuaren hitzetan, BBK Live jardunaldiaren balioa "iman bat da Bilborentzat eta turismoarentzat", eta kultura eta musika esperientzia oso interesgarria eskaintzen duela esan du. Euskal musikaren eskaintza "handia eta egonkorra" dela nabarmendu du, eta horrek udako jardunaldiak bikoiztea eragiten duela. Horrez gain, Sailak "prozesu sortzaileei lagundu, nazioartean proiektatu eta produkzioa herritarrentzako zentro eta eszenarioetara iristea" bermatzen duela azpimarratu du. Zenbait museo (Arte Ederren museoa, San Telmo, Guggenheim, Balentziaga eta Artium, esaterako) "gehiago bultzatu beharko genituzke", erantsi du.
Udaren ostean Euskaraldiaren emaitzen analisia argitaratuko dela aurreratu du. Horren bigarren edizioa 2020ko azaroan ospatuko da, eta hamabost eguneko iraupena izango du. Berritasun bezala, 'ahobizi' eta 'belarriprest' gisa parte hartzeko aukera indartzeaz gain, euskaraz komunikatzeko aukera eskaintzen duten eta horren berri ematen duten esparruak identifikatuko dituzte. Euskal administrazioetako 10 langiletik 7k gaitasun linguistikoa dute. "Hori industriara eta esparru komertzialera eramatea erronka bat da", adierazi du sailburuak. Are gehiago, "erronka euskaraz ikasi duten gazteek euren seme-alabei transmititzea da, baina horretarako beharrezkoa da hizkuntzarekin eroso sentitzea".
Kobetamendin Berri Txarrak taldeak eskainitako kontzertua (euskal rock talde batek inoiz eman duen jendetsuena) gogora ekarrita, lausenguzko hitzak izan ditu: "Barruraino sartu den talde bat da, erreferentziala, legatua utzi duen kultur produktu ospetsuenetako nazioartean".