Itxi

kultura

Sarean kontsultagarri

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako izendegi geografikoa aurkeztu dute

eitb.eus

euskadi.eus atarian erabilgarri izango den tresna berriak 81.248 fitxa jasotzen ditu toponimo ofizial eta lehenetsitakoen inguruan.

  • Euskadiko Izendegi Geografikoa

    Euskadiko Izendegi Geografikoa euskadi.eus webgunean aurki daiteke

Euskadiko Izendegi Geografikoa aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako toponimiaz eta kartografiaz informazioa eskaintzen duen tresna elektronikoa, euskadi.eus webgunean kontsultagarri egongo dena.

Tresna berri honek 81.248 fitxa jasotzen ditu toponimo ofizial eta lehenetsitakoen inguruan, eta informazio ugari bildu dute, Bingen Zupiria Kultura sailburuaren arabera, haien bilakaera eta erabileraren inguruan.

Gaur Donostian egindako aurkezpenean azaldu dutenaren arabera, Euskadiko Izendegia Geografikoan jasotako toponimo ofizial eta lehenetsiak izango dira nazioartean erabiliko direnak. “Europar Batasunak finkatutako ereduari jarraituz, informazio zehatz bat eskatzen zuten (toponimo ofizialak, lehenetsiak, alonimoak, historikoak, aldaerak…), eta, era berean, toponimoei geometria jartzea. Hori dela eta, 2015etik Ingurumen eta Lurralde Antolamendua Sailarekin elkarlanean ari gara, eta lan guztiaren emaitza gaurtik aurrera herritar guztien eskura dago”, azaldu du Zupiriak.

Toponimo baten inguruko bilaketa egiten denean, Izendegi Geografikoak informazio hau eskaintzen du: izen ofizialak, lehenetsiak (Euskaltzaindiaren irizpideei jarraituta, gehienetan), aldaerak eta alonimoak (leku bat izendatzeko desberdinak); dokumentazio historikoa; ahoskeraren inguruko aholkuak (idatziz zein audioz); eta geolokalizazioa.

Bestalde, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak esan du izendegia zuzendu, osatu eta eguneratzen jarraituko dutela, udalekin batera: “Lan hori apurka-apurka joango gara egiten, aplikazioa hobetzen eta funtzionalitate berriak gehitzen jarraituko dugu”.