kultura
Ikus-entzunezkoak
2deo sortu dute Tabakaleran, ikus-entzunezko sormena bultzatzeko
Agentziak | Erredakzioa
Ikus-entzunezko edukiak sortzeko laborategiaren helburua da gazteen eta nerabeen aisialdian euskara sustatzea.
2deo laborategia zabaldu dute Tabakaleran, euskarazko ikus-entzunezko lanak bultzatzeko. Markel Olano funtziotan dagoen Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan duenez, euskara “gazte eta nerabeen aisialdira” hurbiltzea izango du helburu proiektuak.
Laborategiak 500 metro koadroko espazioa hartzen du, eta eremu zabalak prestatu dituzte, lankidetza errazteko, baita lanak ikuskatzeko gelak eta laborategiko langileentzako lantokia.
Gaur, ostiralarekin, ireki dute laborategia, Donostian, eta, Olanorekin batera, ekitaldian Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusia eta Iban Arantzabal 2deo martxan jartzeko arduraduna egon dira.
Olanoren hitzetan, 2deo abiatzeko arrazoietako bat sektorearen etorkizunaren inguruan egindako hausnarketa da eta, bestetik, EHUk egindako azterlan bat, Gipuzkoako gazteen kontsumo ohituren eta ikus-entzunezko sormenaren ingurukoa.
“Azterlanak datu kezkagarri batzuk utzi zizkigun. Kontsumitzen diren ikus-entzunezko hamar edukitatik zazpi gaztelaniazkoak dira, bi euskarazkoak eta bat gaztelaniazkoa. Erdiek, gainera, ETB1 sekula ikusten ez dutela adierazi dute, eta alde handiak daude eskualde eta udalerrien artean”, ahaldun nagusiaren arabera.
“Pantailak eta ikus-entzunezko edukiak oinarrizkoak diren honetan, ez badugu lortzen euskaraz ikus-entzunezko erreferentziak eta erreferenteak izatea, zaila izango da gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzea”, adierazi du Markel Olanok, eta zentroa lurraldearentzat “aukera” bat dela baieztatu du.