Itxi

kultura

Akordioa

Euskarak 1,9 milioi euroko laguntza jasoko du Ipar Euskal Herrian

EiTB.EUS

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskararen Erakunde Publikoak azaldu dute diru horrekin euskararen esparruko eta euskal kulturarekin lotutako eragileen lana lagunduko dutela.

1:32
Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoa

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko (EPP) presidenteak bi erakundeek euskararen sustapenarekin lotuta hitzartutako akordioa berretsi dute, asteazken honetan, Baionan. Adostutakoaren arabera, 1.930.000 euro bideratuko dituzte Ipar Euskal Herrian euskara bultzatzeko. Jaurlaritzak 400.000 euro emango ditu, horretarako.

Dobaranek azaldu du 2017-2022 eperako sinatutako itunak lau lankidetza esparru jorratzen dituela. Gainera, esan du iazko diru kopuru bera bideratzea itundu dutela; hots, 1.930.000 euro. Horrekin, euskararen esparruko eta euskal kulturarekin lotutako eragileen lana lagunduko dute.

Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan egindako aurkezpenean, Bernardette Soule EEPko zuzendariak ere parte hartu du. Ildo horretan, Dobaranek "bi erakundeen arteko elkarlana" nabarmendu du.

"Gaur aurkeztu dugun lotura horri esker, euskararen irakaskuntza, helduen euskalduntzea, euskarazko aisialdiko ekintzen sustatzaileak eta euskal komunikabideak diruz lagunduko ditugu", baieztatu du.

Dobaranen iritziz, ukaezina da hizkuntza politiko eraginkor orok dirulaguntza eta baliabideak behar dituela, nahiz eta are garrantzitsuagoa den azken urteotan sortu den elkarlan giroa, "euskararen etorkizunerako garatutako proiektu bateratuen oinarria ezartzeko" balio duelako.

Esan bezala, elkarlan esparruak lau izango dira: euskararen transmisioa eta irakaskuntza, euskararen erabilera, euskararen erabileraren kalitatea eta euskararen aldeko jarrera.