kultura
Martxoak 12 - apirilak 7
Loraldiak euskal sorkuntzaren argazki berria aurkeztuko du hilabetez
Natxo Velez | eitb.eus
Bilbon martxoaren 12tik apirilaren 7ra denetariko kultur adierazpenak erakutsiko dituen jaialdian parte hartuko duten sortzaileetako batzuekin hitz egin dugu.
-
MICEk 'Kalaportu' ikuskizunean hartuko du parte Loraldian. Argazkia: David Herranz.
XIX. mendeko Lore Jokoen lorratzari jarraituta, Loraldia Festibalak gurean, orain eta hemen, euskaraz sortzen denaren lagin bat plazaratuko du Bilbon, bosgarrenez, martxoaren 12tik apirilaren 7ra.
Ohi bezala, denetariko adierazpenak aurkeztuko ditu jaialdiak, Bilboko hamaika agertokitan: arte plastikoak, musika, antzerkia, bertsolaritza, dantza, zinema…
Loraldiak euskal sormenari atera dion argazkiari argazkia atera nahi izan diogu, bertan parte hartuko duten hainbat sortzailerekin hizketan: Mice, Xabi Paya, Txakur Gorria kolektiboa, Hibai Etxebarria eta Ion Celestino.
Hau eta gehiago egongo da, nolanahi den, fokupean eta fokuetatik at hurrengo egunotan Bilbon.
Kalaportu. Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz
2019/03/15, 19:30. Arriaga Antzokia.
Musikariak eta idazleak bilduko dira Arriagako agertokian, Sarrionandiaren poesia kantu bihurtzeko. Kalaportu kontzertu poetikoak Iurretako poetaren sormen lurraldea kantuen bidez irudikatu nahi du, eta kontzertuan arituko den artistetako batekin, Miren Narbaiza (Napoka Iria, Perlak) MICE izeneko proiektuan bakarka ari den musikariarekin, harremanetan jarri gara gehiago jakiteko.
Poema testu beregaina da definizioz. Zer eransten dio musikak poema bati eta, aitzitik, zer kentzen dio kontzertu baten bat-batekotasunak patxadaz irakurtzeko idatzi den testu iraunkorrari?
Poemak badu dantza, badu kolorea, erritmoa eta hutsunea. Baina musikaren laguntza egoki batek hitzak hegan egitera eraman ditzake.
Nola aukeratu duzue zein sortzailek kantatu edo joko duen zer pieza?
Nik MICE bezala prestatu genuen “Ez diren gauzak” poema eskainiko dut Audiencek lagunduta.
Sarrionandiaren literaturaren zein ezaugarri da ezinbestekoa, zure ustez, bere obraren birsortze batean?
Uste dut oso presente eduki behar direla bere sentiberatasuna eta irudimena bere lana berrinterpretatzeko orduan.
Biz Hitza. Euskara batuaren historia dantzatua
2019/03/16, 19:30. Arriaga Antzokia.
'Biz Hitza'. Argazkia: David Herranz. I
Ikuskizun honek munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du dantzaren bidez. Xabi Paya kulturgileak gidoia idatzi eta Aukeran taldeak koreografiak sortu ditu.
Xabi Payak azaldu dizkigu ikuskizunaren nondik norakoak.
Nola dantzatzen da hizkuntza? Zein hari muturretik abiatu zenuen gidoia?
2010. urtean AEBetako Boise hiriko “Jaialdi” famatura gonbidatu ninduten bertsotan egitera. Han konturatu nintzen diasporako euskaldunen ondorengo gehienek ez zutela euskara ikasten, baina ia denak zirela euskal dantzetan iaioak. Orduan pentsatu nuen euskal diasporaren kasuan gorputz mintzairak ordezkatzen duela ahozko mintzaira. Obra honi ekiterakoan, gogoeta hura izan dut buruan. Euskarak egiten gaitu euskaldun. Euskal dantzak egin beharko bagintu euskaldun, nola egingo luke?
Ikuskizunak hizkuntza ororen historia du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du. Nola irudikatu dituzue hasiera jakin bat duen hizkuntza baten jaiotza eta bizitza?
Obraren hasiera erronka berezia izan da: nola irudikatu dantzaren eta gorputz adierazpenaren bidez hizkuntza baten jaiotza? Nola adierazi giza garunean gertatutako big bang hura? BIZ HITZAk erakutsi nahi du hizkuntzak, bizitza bera bezala, beti aurrera doazela, ugalduz eta zabalduz, eta hala jarraitu behar dutela, alternatiba heriotza baita.
'Biz Hitza'. Argazkia: David Herranz.
Eta batuaz ari garela, nola erakarri dantza sueltoan ari dena denok lotuan egiten dugun dantzara, berori aberasteko?
Euskara batua euskaldun batuak sortzeko XX. mendeko tresna eraginkorrena izan da, parekorik gabeko arrakasta. Dantzara ekarrita, euskara batua erromeria da, biribileko dantza irekia, doinu berari segika, aukera ematen diona sueltoko dantzari bakoitzari nahi dituen urratsak eta jauziak egiteko.
H-Artzetik, poesia musuzapietan
2019/03/20, 19:30. Bidebarrieta Liburutegia.
Belaunaldi gazteak Laboaren ahotsean, ereserki bilakatuta, herrikoiak diruditen poemetan kamuflatuta jaso du Joxan Artze poetaren lana. Txakur Gorria irudia eta hitza lantzen duen kolektiboak eskertze keinu xume bat egin nahi dio iaz utzi gintuen poetari. Artzeren mundutik hartzera ausartuko dira eta gaurko begiradan islatuko dute horren berritzailea izan zen unibertso poetikoa.
Txakur Gorria kolektiboarekin hitz egin dugu.
Ane Labakak, Nerea Ibarzabalek, Malen Amenazarrek eta Mariñe Arbeok osatzen dute Txakur Gorria.
Zertan datza ikuskaria?
Joxan Artzeren unibertso poetikoaren aukeraketa eta interpretazio bat da, modu kolektiboan sortua eta zuzeneko musika, errezitaldia, arte plastikoak eta ikus-entzunezko proiekzioak uztartuko dituena.
Artzeren literatura unibertsoan erabat murgildu zarete, ikuskizunerako materiala aukeratzeko. Haren idazkeraren zer ezaugarri nabarmenduko zenituzkete? Zein obra edo poema gomendatuko zeniokete bertan barneratu nahi duenari?
Artzek asko produzitu zuela deskubritu dugu, asko idatzi zuela. Bere idazlanetan bere bizitzako etapa ezberdinak islatzen dira, aroz aro. Azpimarragarria da irakurlearen parte-hartzea bilatzen duela poetak eta era guztietako sormen lanak topatu daitezke bere liburuetan. Plastikoago, fonetikoago… eta, beraz, huts-hutsean artea diren poemez gain, kritika soziala egiteko baliatuak nahiz bizitza eta heriotzaren inguruko hausnarketa filosofiko existentzialak biltzen dituztenak ere topatu ditugu.
Ez genuke obra zehatzik gomendatu nahi, aukera ugari ditu unibertso honen geruzak esploratu nahi lituzkeenak eta bakoitzak aukeratu dezala bere bidea.
Funtsa ez ezik, forma ere zaindu zuen Artzek bere lanetan. Zuek ere ahalegin berezia egiten duzue irudia zaintzen, testuez haraindi. Zelan begiratzen diozue zuen lanetan edukiaren eta formaren arteko orekari?
Diziplinartekotasuna aberasgarria da guretzat eta horregatik saiatzen gara gure lanetan ere diziplina ezberdinak uztartzen. Irudiaren kasuan, guretzat irudia ez da edergai bat soilik, hitza bezalaxe komunikatzeko baliatzen baitugu. Edukiari garrantzia handia ematen badiogu ere, forma ez dugu sekula bigarren mailan utzi nahi izaten eta mimo berdinarekin landu ohi ditugu lanen bi alde hauek.
Hibai eta Lagunak
2019/03/31, 19:00. Euskalduna jauregia
Hibai Gernikako musikagileak bigarren albuma aurkeztuko du Euskalduna Jauregian. Ez da bakarrik ibiliko, hogei bat partaide bilduko baitira kontzertu honetarako oholtzan. Loraldirako bereziki prestatutako kontzertua izango da, eta sorpresa eta kolaborazio bereziak izango ditu.
Hibai Etxebarriaren ahotik jakin ditugu horietako batzuk.
Zer aurkituko du ikusleak kontzertu berezi horretan?
Nik musika formatu handietarako idazten dut eta diskoetan horrela grabatu. Gero, zuzenean ezinezkoa egiten zait aukerak ematen ez dizkidatelako. Proiektu autoekoitzia da eta ez dut inoren laguntzarik ezta subentziorik. Esfortzu pertsonal eta ekonomiko oso handia egiten dut grabazioetan, ahal dudan heinean, nire buruan dauden ideiak islatzeko eta grabazioak ematen dion betikotasun hori asko zaintzen dut.
Kontzertu honetan, lehen aldiz izango duzue aukera formatu handi batean entzuteko abestiak. 15 musikariko formatu batekin joko dugu. Gainera, lan berriaren estreinaldia izango da, Loraldirako idatzi dudana. Formatu honetarako izan dira sortuak kantuok, eta aurreko lanetako abestiak ere lehen aldiz entzungo dira formatu honekin.
Sorpresa ugari izango dira eta aukera bakarra izango da, errepikaezina.
Zer musikari izango dituzu lagun agertokian? Zergatik aukeratu dituzu horiek?
Nik mundu guztia gonbidatu dut nirekin gau hori igarotzera. Baina ez dut aukeratzeko aukerarik izan, beraien eskuetan izan da erabaki hori. Arrazoi ezberdinengatik, asko ezingo dira egon. Ez noa aurreratzera nortzuk egongo diren, azken unera arte ezer ez baita segurua.
Aurreratuko dudan gauza bakarra da nire anaiak (Aitor Etxebarria) eta biok lehen aldiz pianoan elkarrekin abesti bat kantatuko dugula; abesti oso berezia, gainera. Momentu magikoa izango da.
Orkestra izango duzu lagun kontzertuan. Lan berezia ekarri dizu horrek? Zer aukera zabaltzen ditu?
Aurreko galderan esan bezala, niretzat ez da berezia. Nik musika normalean beti idazten dut orkestra formaturako. Lan handia da dudarik gabe, baina asko gozatzen dut sormen prozesuetan eta musika nire buruan imajinatzen dudan bezala grabatzeko esfortzu handia egiten dut.
Orain, lehen aldiz, zuzenean entzuteko aukera izango duzue. Loraldia festibalak nigan jarri duen konfiantzagatik ez balitz, ezinezkoa litzateke niretzat halako gauza bat aurrera eramatea, eta, horregatik, bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet milagarren aldiz. Amets bat betetzeko aukera eman didate. Duela gutxira arte, ezinezkotzat nuen ametsa.
Zer nahi duzu pentsatzea zure kontzertua ikusi berri duen ikusle batek?
Berriz gertatuko ez den zerbaiten testigu izan direla. Kasu honetan, benetan berezia izango da, Loraldia Festibalak ematen dion magia horregatik, aukeratutako agertokiagatik, izango diren musikariengatik eta aurkeztuko dudan errepertorioagatik. Errepikaezina zentzu guztietan.
Hau ez da euskal musika
2019/04/03, 19:30. Bira.
Berbaldi honetan disko-jogailua da protagonista, eta 60ko eta 70eko hamarkadetako euskarazko pop musika ezezaguna deskubritzea du helburu.
Ion Celestino ekimenaren arduradunarekin hitz egin dugu.
Zein formatutan plazaratuko duzu berbaldia? Musika entzun eta ukitu ere ahal izango da, ezta?
Disko kutxa bat eramango dut (batez ere 7 hazbetekoak, baina baita 12ko bat edo beste ere). Asmoa da kantu bakoitzari buruzko azalpen bat eman, eta, entzun bitartean, azalak eskutik eskura joatea. Diskoak taldean entzuteaz gozatzea eta bidean sortuko diren gaiekin elkarrizketa eta hausnarketa sortzea ere badira helburu.
Zergatik ez daude oroimen kolektiboan 60ko eta 70eko hamarkadako euskal popa, 80ko musikak oroimen kolektibo hori ia monopolizatzen badu?
Ez dut erantzun sendorik: hipotesiak besterik ez. Arrazoi politikoak, ekonomikoak, industria (ezarenak) direla medio, gauza bitxia gertatu zen hemen: mendebalde gehienean gailentzen ari zen poparen gainetik, bestelakoak gailendu ziren 60koan eta 70ekoan. Zenbait kasutan industria ahaltsua herri ekimenaren azpitik, nolabait esateko.
Ondorengoa, 80ko hamarkadakoarena, beste kontu bat da. Hitzaldi honetan 60-70eko hamarkadetako euskarazko kantuek dute tokia.
Zer galdu dugu kantu horiek ahaztuta?
Galdu, agian denbora galdu dugu. Nago pop musikaren oinarri den “kantu perfektuaren kultua” berandu samar zabaldu zen gure artean. Baina garrantzitsuagoa zait irudikatzea zer dugun irabazteko honi itzuli batzuk emanda; euskarazko musikaren gainean zer dugun ikasteko, sortzeko, aldatzeko, sanpleatzeko... Auskalo!