Itxi

kultura

‘Agate Deuna’

Bularreko minbiziaren aurkako borroka omentzeko koreografia Arriagan

eitb.eus

‘Agate Deuna’, Mikel del Valle koreografo eta dantzariaren azken lana, ostegunean, otsailak 21, estreinatuko dute Bilboko antzokian.

  • 'Agate Deuna', Mikel del Valle

    Otsailaren 21ean estreinatuko dute Mikel del Valleren lana

Bilboko Arriaga Antzokiak ‘Agate Deuna (Beldurrari aurre egiten dioten emakume ausartak)’ estreinatuko du ostegunean, otsailak 21. Mikel del Valle dantzari eta koreografoak sortutako lana, musikaren eta dantzaren bidez bularreko minbiziari aurre egiten dioten emakumeen borroka omentzeko.

Dantza garaikideko ikuskizun honetan agertokian izango dira Mikel del Vallerekin batera Claudia Bosch, Laura Garcia, Daniel Martínez, Paloma Calderon eta Jose Ruiz dantzari gazteak.

Lanak “gaixotasuna, beldurra, sufrimendua eta indarra batzen dituen minbiziaren ibilbidea egiten du. Ibilbide horretan, musikak eta koreografiak bularreko minbizia historiak dioenez Kristo ondorengo 262. urtean torturatu eta bularrak moztu zizkioten Agate Deunaren irudi herrikoiarekin lotzen du”, azaldu dute Arriagatik.

Ohar batean zehaztu dutenez, estetika koreografikoa “euskal kulturan tipikoak diren mugimendu eta pausoetatik abiatzen da, pixkanaka dantza garaikidearekin uztartzeko”.

Koreografiaz gain, Bilboko antzokiak musikaren arloa azpimarratu du: Miren de Miguel soprano eta antzezlea zuzenean arituko da emanaldian, Julio D’Escriváne venezuelarrak egindako musikaren gainean.