kultura
HERIOTZA
Iñaki Garmendia 'Laja' trikitilari historikoa hil da
EITB.EUS
Gaur eguerdian zendu da, 74 urterekin. Trikitixaren munduan sona handiko gizona, ETB1eko 'Gure Doinuak' saioan atera zen azken aldiz telebistan, abenduaren 26an.
Iñaki Garmendia Laja trikitilari ezaguna hil da gaur eguerdian. Maxixatzen herri aldizkariak jakitera eman duenez, joan den igandean Aristerrazun (Aia) ondoezik sentitu eta astebete ospitalean eman ondoren, larunbat eguerdi honetan hil da. Igandeko erromeria bertan behera utzi dute Lajaren heriotzagatik Aristerrazun.
Azkoitian jaio zen Iñaki Garmendia 1944an. Laja baserria zuen jaiotetxea eta handik hartu zuen izen artistikoa. Oso txikitan hasi zen soinua jotzen eta Ramon Zubizarreta Landakandarekin batera, Laja eta Landakanda bikotea osatu zuen. Euskal Herri osoan zehar aritu ziren, plazaz plaza, urteetan.
Laja eta Landakanda trikitixaren munduan sona handiko bikotea izan zen eta arrastoa utzi zuen trikitixaren zein euskal musikaren historian. Makina bat euskaldunek dantza egin dute haien doinuekin. Azken urte hauetan Laja eta Mikel bikotearekin aritzen zen plazarik plaza.
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 2016an "Laja, trikitixaren zubia" liburua kaleratu zuen, haren biografiarekin. Joxemari Iriondo kazetariak idatzi zuen biografia hura eta idazlea nahiz protagonista bera Euskadi Irratiko Arratsean saioan izan ziren handik hilabete batzuetara, liburu hura osatzeko zenbat hitz aspertu egin zituzten eta prozesua bera nolakoa izan zen kontatzen.
¿¿ Euskal kultura eta #trikitixa- ren munduan egun tristea dugu gaurkoa. Handi batek utzi gaitu, goian bego #Laja!https://t.co/IdrOSolJjO @maxixatzen
— Xabi Aburruzaga (@XabiAburruzaga) 12 de enero de 2019
Gugan Bego Laja
— Arritxu Iribar (@IribarArritxu) 12 de enero de 2019
Duela 30 urte inguru izango da osabari hitza eman eta Iñigo lehengusu gaztea larunbatero Lajarengana eramaten hasi nintzenean. Lehengusua han utzi eta Azkoitira jaisten nintzen hamaiketako oparoarekin egunkariak irakurtzen nituen bitartean, sarri aje handiarekin. Agur Laja! pic.twitter.com/jGHfp8lXh3
— IñakiGaldosIrazabal (@inakigaldosira) 12 de enero de 2019