kultura
Balantzea
Guggenheim Museoak 1,2 milioi bisitari izan ditu 2018an
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Museoaren historiako hirugarren urterik onena izan da. 2017an –XX. urteurrena- eta 1998an -inaugurazioaren urtea- soilik izan zituen bisitari gehiago.
-
Guggenheim Bilbao Museoa. Argazkia: Iñaki Zabaleta
Bilboko Guggenheim Museoak 1.265.756 bisitari hartu zituen iaz, gaur argitaratu duten balantzearen arabera.
Bere historiako hirugarren urterik onena izan da. 2017an –museoaren XX. urteurrenean- eta 1998an –bere lehendabiziko urtean- soilik izan zituen iaz baino bisitari gehiago.
2017ko datuekin alderatuta, 2018an bisitari kopurua % 4 jaitsi da, baina urte hartan 113.966 lagunek museoa doan bisitatzeko aukera izan zuten, Bizkaiko Foru Aldundiak gonbidatuta.
Museoaren laugarren urterik onena 2016a izan zen. Urte harekin alderatuta, iaz 96.352 bisitari gehiago izan ziren; eta 2015eko datuekin alderatuz gero, 162.545 gehiago. Hortaz, gorako joerari eusten diola esan daiteke.
Bisitariei dagokionez, gehienak (% 71) atzerritarrak dira: Frantziakoak (% 18), Erresuma Batukoak (% 9), Alemaniakoak (% 6), Estatu Batuetakoak (% 6) eta Italiakoak (% 5).
Euskal herritarrak % 9 dira, eta gainerako bisitariak Estatukoak dira, batez ere Madrildik eta Bartzelonatik etorritakoak.
Iazko obrarik arrakastatsuena Joana Casconcelosen erakusketa izan zen. 649.082 lagunek ikusi zuten uztaila eta azaroa bitartean. Eguneko bataz bestekoa kontuan hartuta, museoaren historian gehien ikusi den hirugarren erakusketa da.