Itxi

kultura

EUSKARA

Euskaraldiaren aparretan iritsi da aurten Euskararen Eguna

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB.EUS

Euskal Herri osoan dozenaka ekitaldi antolatu dira gaurko. Erakunde nagusiek ere bat egin dute Euskararen Egunarekin. Bihartik aurrera, Euskaraldiak emandakoa neurtzeko ordua izango da.

1:50

Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera amaituko da gaur Euskaraldia, euskararen erabilera sustatzeko Euskal Herri osoan egin den ariketa soziala.

Erakundeek eta herri ekimeneko eragileek elkarrekin antolatu dute ekimena, eta, orain arte emandako datuen arabera, 220.000 herritarrek baino gehiagok hartu dute parte: % 74k ahobizi rola hartu dute, eta % 26k belarriprest izateko hautua egin dute.

Aurreneko aldiz, euskararen erabilera jarri da erdigunean, begirada hizkuntza ohituretan jarrita. Kanpainak iraun duen hamaika egunetan sortu diren inertzia eta hizkuntza ohitura berriei eustea da orain erronka.

Euskal Herri osoko herri eta hiri askotan, festa giroan emango diote amaiera kanpainari; bihartik aurrera, egindakoa neurtzeko ordua izango da. Euskararen aldeko olatu berri honek aparteko ilusioa sortu du, eragile eta parte-hartzaile guztien esanetan.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan duenez, Euskaraldiak iraun duen hamaika egunetan hizkuntzari ikusgaitasuna eman zaio, ekimenaren txapak ikusi baitira euskara entzun ohi ez den toki askotan. Gogoratu du, hala ere, Euskaraldia ez dela jaia izan, konpromiso ekimena baizik, eta konpromiso horren emaitzak aztertzeko unea izango dela orain. Ekimenean zehar parte-hartzaileei egindako inkestaren emaitzak aztertu eta ondorioak aterako dituztela jakinarazi du.

Batean eta bestean, iritzi asko entzun eta zabaldu dira ariketa honen inguruan. Horien artean, aparteko oihartzuna izan du Amets Arzallus bertsolariak ETBko 'Euskaraldia: bat eta bat hamaika' programa berezian esandakoak: 'Euskaraldiak bere hamabigarren egunean hartuko du zentzua eta indarra'.

Euskaraldiaren aparretan iritsi da aurten, beraz, Euskararen Nazioarteko Eguna. Tokian-tokian, dozenaka ekitaldi antolatu dira, eta erakunde guztiek bat egingo dute ospakizunekin. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Kursaal jauregian egingo du ekitaldi ofiziala, 18:45ean hasita, Iñigo Urkullu lehendakaria, Bingen Zupiria eta Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza zabal bat bertan direla. Euskalgintzako hainbat ordezkari ere izango dira ekitaldi horretan.

Bestalde,  Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Sariak 2018 banatu ditu gaur, eta Euskaltzaindiari eman diote ohorezko aitortza. Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak eman dio saria Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteari. Akademiak egindako "ezinbesteko lana" nabarmendu du Rementeriak, eta euskararen "normalizazioan eta modernizazioan" egindako bidea ekarri du gogora.

Gasteizen, berriz, euskarara egindako itzulpenik onenaren Vitoria-Gasteiz Saria jaso du Aintzane Atelak, Jose  Luis Lopez Muñozen Konkorduna liburuaren itzulpenagatik. Gorka Urtaran alkateak eman dio saria.

Eusko Legebiltzarrak, bere aldetik, ekitaldi berezia egin du gaur goizean. Bakartxo Tejeria Gasteizko Ganberako presidenteak agiria irakurri du, eta Euskaraldia urte osora zabaltzeko deia egin du. Ondoren, Kike Amonarriz soziolinguistak gidatutako solasaldian hartu dute parte hainbat legebiltzarkidek, eta Mikroipuinen Lehiaketako sari-banaketarekin amaitu dute saioa.

EUSKARA EGUNA EUSKO LEGEBILTZARRA BAKARTXO TEJERIA

Argazkia: Eusko Legebiltzarra

'Hamaika'

ETBk saio berezia eskainiko du gaur gauean, Euskaraldiaren amaiera dela eta. Ekimenean parte hartu duten hainbat protagonistak euskararen erabilerarekin lotutako euren bizipenak kontatuko dituzte 'Hamaika' dokumentalean.