kultura
Arantzazun
Belaunaldi berriei deia, euskara batua 'bere-berea izan eta erabil dezaten'
EITB.EUS
36 erakundek eta gizarte-eragilek, tartean EiTBk, sinatutako Euskara Batuaren Adierazpena aurkeztu du Euskaltzaindiak, "nork berea duen euskaratik abiatuta", euskara batuaren erabileraren alde eginda.
Euskaltzaindiaren 17. Biltzarrari amaiera eman diote Arantzazun, euskara batuaren etorkizuneko bide-orria aurkeztuta, eta Euskara Batuaren Adierazpena irakurrita. 36 erakundek eta gizarte-eragilek, tartean EiTBk, sinatutako manifestua irakurri du Joan Mari Torrealdai euskaltzainak, eta Euskaltzaindiaren presidente den Andres Urrutiak etorkizunera begira euskara batuak dituen erronkak izan ditu hizpide. Euskara batua erabiltzeko deia egin diete belaunaldi berriei, "bere-berea egin dezaten, eta beraien adierazpenetan erabil dezaten, belaunaldi bakoitzak duen eite eta tankera propioarekin".
Hasteko, Torrealdaik azpimarratu du Euskaltzaindiak babesten dituela "euskara batuaren jatorrian dauden printzipioak", eta "lehen ordutik" Euskaltzaindia hasi zela "batasunaz arduratzen", aurretik "idazleek ere euskara bateratuaren beharra sumatu" bazuten ere. 1968. urtea aipatu du euskaltzainak, euskara batuaren aldeko bideak urte hartan "jo baitzuen gailurra": "Arantzazun euskara batasunaren bidean jarri, eta handik 10 urtera Bergara berretsi".
Euskara batuaren bidean, irakaskuntzak, hedabideek, kulturgintzak eta Administrazioak egindako lana goratu du Torrealdaik. "Euskalgintzarekin eskuz esku egin zuen bidea eta halaxe eraman gidaritza, etenik eta pitzadurarik gabe", gogoratu duenez. Horrekin batera, "omenaldia ere egin nahi" izan die "euskaraz, jatorriz zein ikasbidez, ari diren guztiei", eta "hainbeste ilusio, lan eta nekeri esker osatu eta osotu duten guztiei". "Euskara batua, lurraldean lurraldeko izateaz gainera, gizartearena ere bada, leku eta funtzio askotarikoa, hiztunen aho-mihietan eta idatzietan bizirik dagoena", jaso du manifestuak.
Bestalde, Euskaltzaindiak dei egin die belaunaldi berriei "euskara batua, arrotza barik, bere-berea izan dezaten eta beraien adierazpideetan erabil dezaten, belaunaldi bakoitzak duen eite eta tankera propioarekin". Gogora ekarri du "guztion artean bultzatu behar" dugula, "gure arteko zubia izan dadin, nork berea duen euskaratik abiatuta, baina euskaldun guztion arteko estekadurak erabat bermaturik".
"Azkenaldian hizkuntza estandarrari buruz nabarmendutako zenbait iritzi eta jokamoldeak" errefusatu ditu Euskaltzaindiak, eta euskara batua "euskaldunon barne-lotura" dela dio, "hiztun guztiok errazago elkar ulertu ahal izateko zubi-tresna, euskaldun berrien eta zaharren arteko elkargune zabala", hain zuzen ere.
Etorkizunera begira, manifestuak agerian jarri du Euskaltzaindiak lanean jarraitu behar duela, "euskalgintzarekin batera, hizkuntza zerbait bizia baita, etengabe aldatzen ari dena, gizarteak izan ditzakeen premiei egokitzeko asmotan". Hori horrela, Euskaltzaindiak azpimarratu du gizarteari eskaintzen dion "zerbitzua", dela "euskaldunengangik jasotzen duena euskaldunei itzultzea, beraien onurarako eta erabilerarako". Gainera, Euskaltzaindiaren zereginetan, ezinbestekotzat jo ditu euskararen digitalizazioa, euskarak egoera eta inguru digitalera egokitzea, hain zuzen ere.
Amaitzeko, "hurrengo berrogeita hamar urteetan ere bada motiborik, euskara batua indartzen saiatzeko: lanabes baliagarria da berau (…) batez ere idatzizko jardunean eta mintzaera jaso-formalean erreferente argi eta noranahikoa eskuratzeko". "Belaunaldi berri horiei dagokie", ondorioztatu du manifestuak, "eskuratu dieguna osatu, hobetu eta hurrengoei transmititzea; horixe da bidea euskarari desio diogun etorkizuna bermatzeko".
Euskara Batuaren Adierazpenaren sinatzaileak
Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea – AEK |
IKA euskaltegiak |
.EUS Fundazioa |
Soziolinguistika Klusterra |
Euskal Idazleen Elkartea (EIE) |
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) |
Euskal Editoreen Elkartea |
Euskal Kultur Erakundea |
Elkar Fundazioa |
Gerediaga elkartea |
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua |
Emun |
Elhuyar |
UZEI |
Eusko Ikaskuntza |
Labayru Fundazioa |
Euskaltzaleen Topagunea |
Udako Euskal Unibertsitatea |
Euskal Herriko Ikastolen Elkartea |
Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea – EHIGE |
Kristau Eskola |
Berria Taldea |
Toki komunikabideen bateragunea – TOKIKOM |
Mondragon Unibertsitatea |
Deustuko Unibertsitatea |
Euskal Herriko Unibertsitatea |
Euskal Irrati Telebista |
Jakin Fundazioa |
Gipuzkoako Foru Aldundia |
Bizkaiko Foru Aldundia |
Arabako Foru Aldundia |
Nafarroako Parlamentua |
Nafarroako Gobernua |
Eusko Jaurlaritza |
Eusko Legebiltzarra |
Euskaltzaindia |