kultura
Nazioarteko Irudi Jaialdia
Irailaren 5ean hasiko da Getxophoto 2018
Agentziak | Erredakzioa
Irailaren 5etik 30era egongo da irekita, eta hilaren 6tik 9ra jarriko duten instalazio batean, Donald Trump AEBko presidentearen aurpegiaren gainean salto egiteko aukera eskainiko dute.
-
Irailaren 6tik 9ra egongo da eskuragarri 'Jump Tump' izeneko instalazioa: Argazkia: Getxophoto.
Getxon aurten irailaren 5etik 30era egingo duten Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiak, besteak beste, Donald Trump AEBko presidentearen aurpegia duen koltxoneta baten gainean salto egiteko aukera eskainiko du. Norbaitek gainera salto egiten duenean, zimurtu egiten da, eta hasierako itxura berreskuratzen du gainetik kendutakoan.
Erik Kesselsek eta Thomas Mailaenderrek egin dute "Jump Trump" instalazioa; Amsterdameko Unseen jaialdirako egin zuten, eta, orain, irailaren 6tik 9ra, Getxon izango da. Aukera ematen du Trumpi mendekua hartzeko, segundo batzuetan soilik bada ere; goitik dagoen egitura batetik 8x5 metroko koltxoneta erraldoi baten gainean jauzi egitean datza.
Aurtengo Getxophotoren zatietako bat izango da; astelehen honetan aurkeztu dute dena antolatzaileek. Berriro ere, esperimentazioa proposatzen du, konbentzionalak ez diren formatu eta lekuen bidez, aire zabalean egindako jarduerak erabiliz. Ereaga hondartza eta Algortako Portu Zaharra lotzen dituen inguruan erakutsiko dituzte obrak, bai eta Getxoko erdialdean.
Testuinguru horretan, ondorengo egileen lanak izango dira ikusgai, besteak beste: Luca Locatelli, Zanele Muholi, Yoshinori Mizutani, Gohar Dashti, Markel Redondo edo Julian Barón. Guztira, 23 egilek hartuko dute parte, herrialde hauetatik iritsitakoak: Erresuma Batua, Japonia, Iran, Singapur, Ameriketako Estatu Batuak, eta Espainia.
Hogei bat erakusketa
Guztira, hogei bat erakusketa izango dira aurtengo Getxophoto jaialdian (banako erakusketak eta erakusketa kolektiboak); gaia da "Gatazka-ostea. Elkarrizketa berregiten". Mota askotariko gatazkak jorratuko dituzte lanek: ekologikoak, teknologikoak, politikoak eta gizatiarrak. Gatazka baten osteko epeetan elkarrizketa nola berregin, horren gainean hausnartuko dute obrek, bai eta gatazken ondorioen gainean.
2017an bezala, aurten ere, Monica Allende da komisario eta programazio artistikoaren arduraduna. Bilbon jaio zen, eta Londresen bizi da Allende; Sunday Times Magazineko editore grafikoa izan da.
Proposamenen artean, Chow & Lin artista asiarrek egindako instalazioa da azpimarragarria; 4.000 argazki txiki izango ditu, eta 20 metrokoa da, Algortako merkatuan kokatuko dute.
Lanaren izenburua da "Equivalence. The Ecological Footprint of Fish", eta arraintegiek ekosistemetan duten eragina gaitzestea du xede.
Ikuspegi politikoago batean, Anton Kusters artista belgikarrak "Blue Skies Project" estreinatuko du. 1.078 polaroid erabiliz, Holokaustoren oroitzapena bisitatzen du berriro lan horrek; 1.078 zeru urdin ordezkatzen ditu, alegia, Europan izan ziren 1.078 kontzentrazio-esparruetako zeruak.
Alegiazko errealitateak ere izango du tartea, "The Sun Ladies" saritutako dokumentalari esker. Sundancen estreinatu zuten, eta Estatu Islamikoko armadari aurre egiten dien emakume gerrillari batzuen istorioaren berri ematen du.
Markel Redondoren droneak
Markel Redondo bilbotarrak droneak erabiliz egindako lanak ere izango da ikusgai; Espainian adreiluaren krisiak sortutako neurrigabeko hirigintzaren ondorioak islatu ditu, dokumentu bisual harrigarriak eginez.
Airetik ere, Josh Begley kaliforniarrak AEBren eta Mexikoren artean dagoen 3.144 kilometroko mugatik egindako bidaia bat proposatzen du, Pazifikotik Atlantikora. Sei minutuko obra da, eta Google Earthek hartutako 200.000 argazki baino gehiago ditu; Begleyren asmoa da hausnartzea bi herrialde horien arteko balizko hesiaz, bideragarria ez baita.
Azkenik, "Nortasuna eta indarkeria" erakusketa kolektiboak hiru egileren lana bilduko du; Armeniako genozidioaren testuinguruan, Live Wild Collective taldeko Lucie Khahoutianek armeniar eta frantziarraren jatorri bikoitzaren konplexutasunari begiratzen dio.
Zanele Muholi hegoafrikarrak emakume beltzen gorputzaren kolonizazioa eta exotismoaren gaineko lana aurkeztuko du. Halaber, Dragana Jurišic artista Jugoslavia zena desagertu osteko nortasun-galeraz mintzatuko da, haren lanarekin.