Itxi

kultura

Maiatzak 18

Euskal museoak, Museoen Nazioarteko Egunerako prest

eitb.eus

Ostegunean, maiatzak 18, euskal museo batzuek bat egingo dute Museoen Nazioarteko Biltzarrak museoek gizarte garapenean duten zereginaren berri emateko antolatzen duen jardunaldiarekin.

  • Bilboko Arte Ederren museoak Museoen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du

    Bilboko Arte Ederren museoak Museoen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du

1977tik, maiatzaren 18aren bueltan, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen da urtean behin mundu osoan, eta aurten lelo hau proposatu dute: “Museoak eta istorio eztabaidagarriak: Esan ezin daitekeena esan, museoetan”. Iaz, 145 herrialdetako 35.000 museok ospatu zuten egun hau.

Donostian, Elizbarrutiko Museoak, Aquariumak, Untzi Museoak, Realaren museoak, San Telmok, Museum Cemento Rezolak eta Tabakalera arte garaikideko zentroak jarduera bereziak prestatu dituzte egun honekin bat egiteko.

Ostegunetik igandera, ospakizunerako proposatutako gaiarekin lotura izango duten ate irekiko jardunaldiak, doako bisita gidatuak eta bestelako ekimenak izango dira.

San Telmo museoak, esaterako, museoak oraindik jorratu ez dituen baina jorratu beharko lituzkeen gaiak proposatzeko gonbita egin die herritarrei.

Araba

Araban, Arte Ederren museoan, Bibaten, Arma Museoan eta Natur Zientzietakoan ere programa berezia prestatu dute: bisita gidatuak, ikastaroak, gertaberritzeak, bestelako ikuskizunak…

Ospakizunak, Bizkaiko 22 udalerritan

Museoen Nazioarteko Eguna Bizkaiko 22 udalerritako 36 museo eta espaziotara helduko da nola maiatzaren 18an bertan hala hilaren 20 eta 21ean, eta horietako gehienek doako sarrera eskainiko dute.

Bizkaiko museoek eskainiko dituzte bisita gidatuak, ume eta helduentzako ikastaroak, hitzaldiak, aurkezpenak, dastatze saioak, bisita kantatuak, ibilbideak, erakusketak, ipuin-kontalariak, baita arkeotxotxongiloak ere.

Ate irekien lau jardunaldi, Oteiza Museoan

Oteiza Museoak ere ospatuko du Museoen Nazioarteko Eguna, eta, ondorioz, ate irekien egunak ospatuko dituzte maiatzaren 18tik 21era. Doako bisita gidatuak egingo dituzte, eta larunbatean, hilak 20, In Tempere nafar abesbatzaren kontzertu bat egongo da.

Ate irekien jardunaldi horietan, bisitariek Oteizaren ibilbide artistikoaren nondik norakoak ezagutu ahalko dituzte “Oteiza 1908-2008. Bilduma” erakusketan, baita Saenz de Oiza eskultoreak sorturiko espazioa hobeto ezagutu ere.

Lizarran, Karlismoaren Museoak ere ospatuko du egun hau.