Itxi

kultura

70 figura

Paleolitoko labar-pinturen multzo bat aurkitu dute Berriatuan

N.V. | eitb.eus

Atxurrako kobazuloak duela 14.000 bat urte egindako 70 labar-pintura gordetzen ditu. Hainbat animaliaren irudiak dira.

Atxurra

Diego Garate buru duen aditu talde batek “balio handiko” aztarnategi arkeologiko bat aurkitu du Berriatuan, Atxurrako kobazuloan, 300 metroko sakoneran. “Duela 100 urte Santimamiñeko pinturak aurkitu zirenetik Bizkaian aurkitutako haitzuloetako pinturen multzo handiena da”.

Oraingoz, lau bisita baino ez dituzte egin, eta, “nahiz eta ikerketa proiektuak luze joko duen”, Diego Garate arkeologoak gidatzen duen lantaldeak 14 panel margotu aurkitu ditu dagoeneko. Horietan, animalien 70 figura baino gehiago ikusten dira, batik bat zaldi eta bisonteenak, eta silexezko hainbat lanabes ere aurkitu dituzte. Irudiok duela 14.000 urte, "Santimamiñekoak egin ziren garai bertsuan", egin zituztela ondorioztatu dute adituek.

Diego Garatek azpimarratu duenez, "Europan ez dago Atxurran aurkitutako irudiek baino eztenkada marka gehiago erakusten duen bisonte-irudirik".

Teknikari dagokionez, grabatua ageri da ia irudi guztietan, eta zenbaitetan pintura beltza erabili zutela igartzen da, baina okerrago kontserbatuta dago hori.

Kobazuloa osorik aztertu aurretik aurreratu dutenez, “Euskadin Paleolitoko labar-irudi gehien dituen aztarnategia izango delakoan gaude”. Garateren hitzetan, “Champions Leagueren mailako aurkikuntza da, handia”, eta, azterketak amaitutakoan, “arte paleolitikoari buruzko eskuliburu guztietan agertuko da”.

Bizkaiko Aldundiko arduradunek gaur aurkikuntza aurkezteko emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez, publikoa ezingo da oraingoz kobazuloan sartu, grabatuak zaindu behar baitira, eta sarbidea arriskutsua delako, baina 3Dko teknikak prestatzen ari dira, herritarrek erreprodukzioak ikusteko aukera izan dezaten.