Itxi

Musika

Troba berria

Silvio Rodriguez: "Une zailetan artea are beharrezkoagoa dela uste dut"

Juan Palop | EFE

Troba berrian lanean jarraitzen duen bakarretakoa da Silvio Rodriguez, eta disko berria dakar, 'Quería saber', gai, une eta genero nahasketa bat, "ñabardurak" eta tolerantziaren aldeko deia, eta esperantzarakoa, Kuba bere jaioterriak bizi duen gisako krisietarako.

  • Silvio Rodriguez. Argazkia: EFE / Kaloian Santos.

    Silvio Rodriguez. Argazkia: EFE / Kaloian Santos.

"Une zailetan artea are beharrezkoagoa dela uste dut, ezinbestekoa", halaxe dio EFEri eskainitako elkarrizketa batean Silvio Rodriguez kantautore kubatarrak. Datorren ostiralean disko berria kaleratuko du, bere musika-ibilbideko hogeita bigarrena: Quería saber.

Troba berrian lanean jarraitzen duen bakarretakoa da Silvio Rodriguez, eta disko hau gai, une eta genero nahasketa bat dela azaldu du, "ñabardurak" eta tolerantziaren aldeko deia, eta esperantzarakoa, Kuba bere jaioterriak bizi duen gisako krisietarako.

Hiru urtean lanik argitaratu gabe egon ostean dator albuma, eta 2015 eta 2019 artean konposatutako hamaika kantu biltzen ditu. Bertan, letra intimistak eta sozialak, modu aberatsean instrumentatutako abestiak eta esentzia soilenera mugatutako beste batzuk konbinatzen dira, guztiak Silvioren ahotsaren eta poetikaren marka nahastezinarekin.

"Quería saber daukadan jarraitutasuna bera da, une honetan elkartu nahi izan ditudan kantuen bilduma", laburbildu du 78 urteko kantautoreak.

Horien artean nabarmentzekoa da Por no botar el sofá, "argitalpen-kanta" azpititulua daramana. Izan ere, 2016an testua argitaratu zuen, eta ondoren zuzenean jo izan du, orain, azkenik, estudioko lan batean jasotzeko.

Eta nabarmentzekoa da salatzen duelako "oldekako" migrazioa, "homofobiaren suak", "bizioak eta dogmak" eta hedabide eta artisten zentsura, hori guztia "luzatzen ari zen aro baten erditzean".

"Trabatzen gaituzten gauzez ari naiz, trabatzen gaituztenez, askatu beharrean lotu egiten gaituztenez, korapilatu egiten gaituztenez"

"Trabatzen gaituzten gauzez ari naiz, trabatzen gaituztenez, askatu beharrean lotu egiten gaituztenez, korapilatu egiten gaituztenez. Batzuk oinordetzan jaso genituen kulturak izan ziren; matxismoa edo homofobia, esaterako. Beste batzuk intsigniatzat dena zalantzan jartzea zuen alemaniar batek abiarazitako pentsamendu-sistema baten sakralizazio zentzugabeak izan dira", azaldu du.

Kanta hori bezala ixten du La cuota izenekoa ere, itxaropen eta baikortasun apur batekin, "bestea kontuan hartzea" eta erronken aurrean haztera deituz: "Langa zenbat eta gorago, are handiagoa hegaldatu eta jarraitzeko indarra".

Hala ere, Ojala eta beste zenbait ereserkiren egileak nahiago du bere burua baikortzat ez definitzea, ez beste edonola ere iraunkorrean, ikuspuntuak aldatu egiten baitira denborarekin.

"Egun batean gauza bat ulertzen dugu, gauzak era batera ikusi eta sentitzen ditugu, eta hala adierazi. Eta hurrengo egunean ñabardurak agertzen dira, edo, zergatik ez, kontraesanak. Horregatik, egun batean idatz dezakezu El necio, eta egun batzuk aurretik edo atzetik, En busca de un sueño edo Reino de todavía", azaldu du.

Silvio Rodríguez, con los músicos que lo acompañan en 'Quería saber'.

Silvio Rodriguez, 'Quería saber' diskoan lagun dituen musikariez inguratuta.

Ñabardurak eta iritziak

Bere ustez, "batzuetan zaila da ñabardurak egitea", baina saiatzearen alde egiten du, "hori delako bidezkoena". "Beti saiatzen naiz horretan. Ez ditut gauza eskematikoak jasaten, eta horretatik asko dago alde guztietan", esan du.

"Benetakoa balitz bezala amestutako errealitateaz" hitz egiten dutenen aurrean, Viene la cosa abestian dioen bezala, Rodriguezek dio Kuba "izan den bezala eta den bezala" ikusten duela: "Hori da urteek ematen duten abantaila". Hala dio eszenatokietan 56 urte daramatzan kantariak.

"Iritzi espektro oso zabal baten barruan bizitzeko gai naiz, nirea ere aintzat hartzen den bitartean, jakina"

 "Iritzi espektro oso zabal baten barruan bizitzeko gai naiz, nirea ere aintzat hartzen den bitartean, jakina. Gure etorkizuna, Jose Martiren Kubaren etorkizuna, ez dadila geratu Estatu Batuetako Gobernuaren poltsikoan, horixe da espero dudan bakarra", esan du.

Diskoaren aurrerapen gisa, aurreko bi asteetan Quería saber eta América, abestiak kaleratu zituen, kezka intelektualaren oda lehena, eta bueltan esperotako erantzunik jaso ez zuen gaztaroko maitasun bati buruzkoa bigarrena.

Ageriko krisi larri batean murgilduta eta aurrekaririk gabeko migrazio-uholde baten erdian dagoen bere uharte kuttunari buruz ezer gutxi hitz egiten du. "Nahikoa buelta ematen diot idazten dudanari", eta aurrerago agian gai horiek jorratuko dituela esan du.

Aldiz, ahotan du auzoz auzo egindako bira, "gertatu zaizkidan gauzetatik ederrenetakoa", bai eta pandemiaren "geldialdia" nola erabili zuen ere, "atzeratzen joan izan naizen gauza asko deskubritzeko". Asko aipatzen du Pablo Milanes ere, 2022an hil zen troba berriaren beste ikono bat.

"Ordezkaezina da Pabloren hutsunea, haren musikaltasun aparta, haren talentu paregabea", adierazi du Rodriguezek, denbora badoan jakitun: "Ia denak joan dira, gutxi batzuk baino ez gara geratzen".