Itxi

Musika

Musika eta buruko osasuna

"Artistak obrarekin duen harremana egun batetik bestera pasatu daiteke sendagarria izatetik toxikoa izatera"

Natxo Velez | EITB Media

Musika Bulegoa elkarteak "Zure barne mundua masterizatzen" buruko osasunari buruzko doako ikastaroa antolatu du hilaren 30 eta 31rako Bilbon eta Errenterian, Rosana Corbacho psikologoaren eskutik. Musika industriaren profesionalentzat eta musikarientzat da.

  • Rosana Corbacho, musika industrian espezializatutako psikologoa

    Rosana Corbacho, musika industrian espezializatutako psikologoa

Antsietatea, estresa, blokeoak… Gure inguruabar sozioekonomikoa buruko osasunarentzako mehatxua da nonahi, gure jarduera zedarritzen duen ekoizpen (eta hitz honen sakralizazioa ez da hutsala) sektorea edozein delarik ere.

Paisaia emozional zauritu honen aurrean, Musika Bulegoa "Euskal Herrian musika-jarduera sustatu eta hobetzeko" elkarteak "Zure barne mundua masterizatzen" ikastaroa antolatu du musika industriako profesionalentzat eta musikarientzat, gaztelaniaz, maiatzaren 30 (Bilbo, Euskalduna jauregia) eta 31rako (Errenteria, Niessen kulturgunea).

Rosana Corbacho musika industrian espezializatutako psikologo kliniko eta humanistak zuzenduko du ikastaroa, eta berarekin hitz egin dugu.

Nori zuzenduta dago "Zure barne mundua masterizatzen"? Zer dela eta jarri zenuen martxan?

Ikastaro hau artistei eta musika industriako gainerako profesionalei zuzenduta dago. Musika eskoletako ikasleak eta sektore horretan jardun nahi duen edozein pertsona ere bertara daitezke, gainera.

Nire ibilbidean zehar inguruaren arrisku nagusiak eta osasun arazo ohikoenak zein ziren aztertu eta gero, ikusi nuen badirela zenbait erreminta baliagarri besteak beste antsietateari, depresioari, estresari eta burnout-ari aitzintzeko eta horien tratamendu goiztiarra egiteko. 

"Talde bateko kide sentitzea elementu garrantzitsuetako bat da erresilentzia lantzeko bidean"

Terapia indibidualean, paziente bakoitzaren helburuak lantzen dira, eta unean uneko bere beharretara egokitzen gara. Taldekako saioek, baina, abantaila asko dauzkate. Spotifyko sortzaileentzat egin nuen ikastaro batean, parte-hartzaileek esan zuten taldekideen lekukotasunak entzuteak asko handitzen zuela konexio maila, sentiarazten ziela bakarrik ez zeudela, antsietateari lotutako sintomatologiarekin laguntzen ziela, lehiakortasun pertzepzioa jaisten zuela eta iruzurtiaren sindromeari aurre egiten ere laguntzen ziela.

Taldeka bizi dugun guztiaren zale sutsua naiz. Musika Bulegoa existitzea bera oso inspiratzailea da niretzat. Talde bateko kide sentitzea elementu garrantzitsuetako bat da erresilentzia lantzeko bidean.

Zein dira, zure aburuz, musika industriak musikariei eta gainerako eragileei ezartzen dizkien arrisku nagusiak?

Min fisikoarekin lan egitea eta ibilbide profesionalak ezartzen dituen premiak osasunaren gainetik jartzea. Osasun arazoak dituen langileak borondatezko alta eskatzen duen beste ogibide askorik ez da. Estatistikak oso adierazgarriak dira: musikari profesionalek goi mailako kirolariek baino lesio gehiago izaten dituzte.

Bestalde, identitate pertsonala lan eginkizunarekin uztartzeak energia handia eragiten du ibilbideari eskaintzeko, baina arrisku handia dago antsietateren edo depresioaren sintomatologia okertzeko, zerbaitek barne oreka arriskuan jarriz gero.

Gerta daiteke norbaitek, nork bere buruarekiko exijentziaren eta lehiakortasunaren erruz, buruko osasunarekin edo osasun fisikoarekin lotutako arazoren bati entzungor egitea, eta tratamendua bilatzen denerako arazo hori oso aurreratuta egotea eta ondorioak eragin izana; areago, gerta daiteke pertsona horrek tratamendua bilatzen duenerako lanari utzi izana.

Zeri egon behar gatzaizkio erne?

Batzuetan, zaila da erne egotea, bakarkako lan asko eta elkartzeko joera gutxi dagoelako.

Hasteko, ikastaroak ezarriko nituzke musika eskoletako irakasleetatik hasi eta goi mailako masterretaraino, berorietan funtsezko erramintak lantze aldera, osasun mentaleko arazoak prebenitzeko helburuz. Tratamenduan adituak diren profesionalen aurkitegia ere eskura izan beharko genuke: medikuak, fisioterapeutak, psikologoak… 

Erakunde eta elkarteek jarrera irekiagoa izan dezakete berorietan lan egiten dutenen oreka zaintze aldera, baina azken erantzukizuna norberarena da: nork bere mugak zein diren identifikatu behar du, osasuna lehenetsi, ongizatea kontuan hartzen duten ibilbideen alde egin eta ez soilik arrakastaren bila aritu…

Rosana Corbacho

Rosana Corbacho

Sortzaile askok emozioak arrazionalizatu eta aztertzeko bide gisa hitz egiten dute sormenaz. Zein neurritaraino hitz egin dezakegu "artearen balio terapeutikoaz", sortzaileen ikuspegitik?  

Maite dut sormenaz eta emozioez hitz egitea, baina hain da zaila emozioak izendatzea, horretan usu jardun ezean… Artistaren eta bere obraren arteko harremana oso emankor eta sendagarria izan daiteke, eta egun batetik bestera toxiko bihurtu edo blokeoa ekarri. Nire ustez, adierazpen artistikoan oso lagungarria da jakitea sormenak nola funtzionatzen duen eta garunaren zer zati aktibatzen diren. 

Batere lagungarriak ez diren hainbat mito daude, hala nola sufrimenduak inspirazioa dakarrela. Baliteke batzuetan katalizatzailea izatea, eta beste batzuetan blokeatzea. Sormena bere puntu gorenera eramateko eta, areago, prozesuaz gozatzeko, garrantzitsuena da olatu emozionalak surfeatzen ikastea eta barne mundua ondo ezagutzea,

Eta obraren "kontsumitzailearen" ikuspegitik, zein botere du musikak entzulearen gainean, buruko osasunaz ari garela?

Ikerketa askok utzi dute agerian musika onuragarria dela hainbat nahasmenduren aurkako terapian. Antsietate maila hobetzen du, min kronikoaren eta loezinaren aurkako tratamenduetan erabiltzen da…

Atsegin dut musika errepikakorrak gure nerbio sistema zentralak zergatik lasaitzen duen azaltzen duen adibidea. Naturgune batean gaudelarik, kilkerren, txorien eta bestelako animalien zaratak entzuten ditugunean, dena ondo doan seinale izaten da. Ez dago harrapakaririk. Lasai gaitezke, erlaxatu, arreta maila jaitsi. Halako batean isiltasun handia badago, baina, baliteke zerbait izatea zelatan, eta gorputzak borrokarako edo iheserako erantzun bat jartzen du martxan, beldurrarekin edo antsietatearekin lotuta.

"Batere lagungarriak ez diren hainbat mito daude, hala nola sufrimenduak inspirazioa dakarrela"

Musikak garuneko uhinak aldatzen ditu, eta horien abiadura kontzentrazio mailarekin lotuta dago. Erritmo geldoagoak hausnarketarekin edo egoera hipnotikoarekin daude lotuta. Estimulu negatiboen aurreko arreta ere desbideratu dezake, arriskua barik, erronka sentsazioa zabalduz.

Buruko osasunak toki txiki bat egin du azken urteotan eztabaida publikoan. Igarri duzue profesionalek ulerberatasun eta normalizazio handiagorik? Zein neurri hartu behar dira orain eta hemen herritarren buruko osasuna zaintzeko?

Nire ustez, eztabaidarako une egokian gaude. Hunkigarria da, izan ere, "buruko osasunaz hitz egin behar dugu" esalditik "zer egin dezakegu buruko osasuna hobetzeko" esaldira igaro izana. Hain zuzen ere, ekintzetara pasatzea da nire egungo erronka. Ikastaro, hitzaldi eta solasaldi bakoitzean, tresna praktikoak eskaintzen saiatzen naiz.

Urgentea da terapia indibidualetarako edo taldekako terapietarako sarbideari lehentasuna ematea, batez ere arriskuan dauden eta baliabiderik ez dute herritarrei. Gainera, lehen tratamendua ezin da izan lehen arretako medikuek antidepresiboak eta benzodiazepinak ematea. Gure herria da Europan horien kontsumo handiena duena, eta uste dut hori arriskutsua dela herritarrentzat.

Lehen mailako arretan terapia kognitibo-konduktualeko programak ezartzeak ere lagun lezake gaixotasunei aitzinatzen eta pertsonei tresnak ematen, sintomak sendatzeko ez ezik, erresilentzia maila handitzeko ere.

Zer entzun nahiko zenuke ikastaroa bukatu berri duen pertsona baten ahotik?

Beste ikastaro batzuetan bezala, nahiko nuke amaitu eta hainbat astetara pertsona horrek esatea hobeto lo egiten ari dela, antsietate maila txikiagoa duela, ibilbideaz gozatzen ari dela, mugak ezartze ari dela eta, are gehiago, sormen blokeoren bat gainditu duela ere.