Itxi

Musika

Berri Txarraken agurra

Gelditu, aurrera egiteko

Natxo Velez | eitb.eus (Lekunberri)

Berri Txarrak taldeak urtea bukatzearekin bat egingo duen “etenaldi mugagabeari” buruzko azalpenak eman eta Ikusi Arte biraren zuzeneko batzuk iragarri ditu, Lekunberrin egindako prentsaurrekoan.

1:41
Berri Txarrak taldearen prentsaurrekoa

Berri Txarrak taldeak 25 urtean hazi besterik ez den ibilbidea 2019an gelditzea erabaki du, maila artistikoan akidura zantzurik ez dagoela eta publikoaren onespena inoiz baino handiagoa dela, beti bezala inertziari eta errazkeriari itzuri eginez. Gaur, erabaki horren nondik norakoak aletu dituzte Gorka Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek Lekunberrin, hogeita hamar bat kazetariren aurrean.

Urbizuk hartu du hitza lehenengo, eta gelditzeko erabakia berea izan dela adierazi du: “Eskerrak eman behar dizkiet Galder eta Davidi agertu didaten ulerberatasunagatik. Ez naiz jotzeaz aspertu. Berri Txarrakekin zuzenean jotzea da gehien gustatzen zaidana, baina ez dut neure burua prest ikusten transatlantikoa bihurtu den talde honen hurrengo urrats artistikoari ekiteko”.

Hala ere, batez ere Berri Txarraken moduko talde batek eskatzen duen lan estramusikalak eragin dion nekeaz eta higadura fisiko eta mentalaz haraindi, beste arrazoi bat azpimarratu du Gorkak erabaki zaila hartzeko arrazoiei heltzeko orduan: “Beti jarraitu diet bulkadei, eta orain sentitzen dudanak agintzen dit nire bizitzaren ardatza izan den taldea bazter batean uztea, sortzaile gisa hazteko. Sortzen jarraituko dut, baina beste sinadura batez”.

“Etenaldi mugagabea”

Urbizuk esan duenez, askok galdetu diote zergatik aukeratu duten “etenaldi mugagabea” formula, “agurra” iragarri ordez: “Hautu ia teknikoa da. Erabakiak ez dio erantzuten beroaldi bati, hausnartua izan da, baina nork daki zer aginduko didan senak hamar urte barru edo non egongo diren David eta Galder denbora hori pasatutakoan”.

Ikusi Arte bira

Lehenago, baina, Ikusi Arte birak hara-hona eramango du taldea bihar, otsailak 15, Gernikan hasi eta azaroaren 23an Nafarroa Arenan azken kontzertua ematen duen arte. “Biraren helburua da inor ez dadila Berri Txarrak ikusi gabe gelditu, eta horretarako lanean ari gara. Gaur aurkeztu ditugun datak birakoen erdiak baino apur bat gehiago dira, eta Euskal Herrian kontzertu erraldoi bat prestatzeko ahaleginak egiten dihardugu”, azaldu du Galder Izagirrek.

Agur kontzertu hauen aurrean, publikoaren erantzuna izugarria izan da eta izaten ari da: jarraitzaileen karrak zerbitzari informatikoak buxatu ditu, sarrerak Interneten erosteko gosez, eta kalean ilara amaigabeak sortu dira, ohiko usadioan taldeak txartel fisikoak saltzea erabaki duenean.

Orain, hirukoteari dagokio bere habitat naturalean, agertoki gainetik, babes hori itzultzea, eta baietz publikoari jasotakoa baino zerbait gehiago helarazi! Izan ere, horrexek bereizi du, akordea joan melodia etorri, Berri Txarrak enparauetatik: espero zitekeenari entzungor, apatiaren aurrean zentzakaitz, zegokiona eta apur bat gehiago eskaini du taldeak bere mugimendu bakoitzarekin, pasioaren apologista. Mundura menturatu da, bertan goxo gelditu ordez; sormenari bide egin dio, malenkoniatik ihesi; bere ibilbideko diskorik zakarrena egin zuen, diskoetxe handi baterako jauzi egin zuenean…

Entzuleak bultzatuz

Entzulearentzat gustagarria da urliak akordez eta lelo gogoangarriz babestea, sortzaile batek pentsamendu eta grinak hitzetan biltzea, eta puntua jartzea arima urratu arte oihukatzeko. Baina gustagarria ez ezik ezinbestekoa ere bada Berri Txarrakek musikazaleen hainbat belaunalditako ordezkariei eragin diena: musikaren, hitzen eta jarreraren bidez, aurrera bultzatu du taldeak entzulea, bideak ireki dizkio aditzaile arretatsuari, eskua oratuta aurrera egiten laguntzen dizun adiskideak bezala.

Gorka Urbizuk, azken urteotan David Gonzalezen eta Galder Izagirreren trebetasunaren ezinbesteko laguntzaz, leihoak ireki dizkio entzuleari, eta hori da taldearen lorpen handienetako bat: pop atseginaren oihartzunez zipriztindu du metala, metalaren indarraz jantzi ditu lelo itsaskorrak, hardcorearen abiaduraz elikatu ditu koru gogoangarriak eta melodia goxoz helarazi ditu mezu astunak, arinkeriari eta azalkeriari inolako tarterik utzi gabe.

1.000 kontzertu baino gehiagoko legatua handituko duten kontzertu hauek guztiak, beraz, gertatu den zerbaiten ospakizunerako gonbita izango dira, bukatu den zerbaitengatik tristatzeko arrazoia baino gehiago.

Gure gogoan geldituko ahal dira sortutako kantu guztiak (denborak, poligrafo bakarrak, esango du), ehunka kantu horien oihartzunek girotutako uneak eta, batik bat, datorrenari beste ikuspegi batetik begiratzeko zabaldutako leihoak. Ikusi arte!


Hauek dira Ikusi Arte birako datak:

02-15 Gernika (Astra) SOLD OUT

02-16 Biarritz (Iraty) SOLD OUT

02-19 Bilbo (Kafe Antzokia) SOLD OUT

02-20 Bilbo (Kafe Antzokia) SOLD OUT

02-21 Azpeitia (San Agustin Kulturgunea) SOLD OUT

02-23 Lekunberri (Frontoia) SOLD OUT

02-24 Ibarra (Gaztetxea) SOLD OUT

03-01 Valentzia (Moon) SOLD OUT

03-02 Valentzia (Moon)

03-09 Durango (Plateruena) SOLD OUT

03-10 Durango (Plateruena) SOLD OUT

03-15 Leon (Studio 54) SOLD OUT

03-16 Santiago (Capitol) SOLD OUT

03-18 Ondarroa (Beikozini) SOLD OUT

03-19 Gasteiz (Jimmy Jazz) SOLD OUT

03-23 Tenerife (Aguerre Cultural)

03-27 Altsasu (Gaztetxea)

03-29 Zaragoza (Teatro de las Esquinas) SOLD OUT

03-30 Salt (La Mirona)

04-04 Hazparne (Ttattola) SOLD OUT

04-05 Bordele (Salle du Gran Parc)

04-06 Paris (La Marroquinerie)

04-07 Amsterdam (Q Factory)

04-10 Kalsruhe (Alte Hackerei)

04-13 Berlin (Clash)

05-02/03 Villarrobledo (Viña Rock)

05-04 Palma (Es Gremi)

05-21 Los Angeles (5 Star)

05-22 Fullerton (Programme Skate & Sound)

05-23 San Diego (The Bancroft)

05-25 Mexiko Hiria (La Galera)

06-22 L’Estartit (Festival Itaca)

06-29 Madril (Download)

07-05 Bartzelona (Cruilla)

07-06 Viveiro (Resurrection Fest)

07-13 Escalarre (Dr Music Festival)

07-20 Ezcaray (Ezcaray Fest)

07-27 Corral de Calatrava (Choorockfest)

08-01 Adra (The Juergas Rock Fest)

08-03 Gijon (Tsunami)

08-09 Aranda de Duera (Sonorama)

08-10 Comarruga (Festiuet)

09-03/09 Asia

11-22 Iruñea (Nafarroa Arena) SOLD OUT

11-23 Iruñea (Nafarroa Arena) SOLD OUT