Musika
Elkarrizketa
Travellin’ Brothers, mila blues gau eta bat gehiago
Natxo Velez | eitb.eus
Travellin’ Brothers leioar taldeak bere ibilbideko milagarren kontzertua eskainiko du igandean, abenduak 30, Arriaga Bilboko antzokian.
-
Igandean, 1.000. kontzertua emango du taldeak, Arriaga Bilboko antzokian
15 urteko ibilbidean, Travellin’ Brothersek hogei bat herrialde zeharkatu ditu blues sustraiko bere musika proposamenarekin. Besteak beste, Txinan, Norvegian, Errumanian eta AEBn, egiten duten musikaren epizentroan, jo dituzte beren kantuak travellindarrek, baina, milagarren gaualdirako, entsegu lokaletik 15 bat kilometrora jarri dute zita anaia bidaiariek, Arriaga Bilboko antzokian.
Emanaldi berezia izango da igandekoa, “ametsa bete izana” irudikatuko duena, Aitor Cañibano gitarrista eta taldeko buruak esan digunez, eta gizakiok ezinezko izan ohi duguna gauzatzeko, ametsak harrapatzeko, aprobetxatuko dute zita, taldearen bederatzigarren diskoa osatuko baitu gau gogoangarri horren grabazioak.
Hori eta gauza gehiago kontatu dizkigu Cañibanok elkarrizketa honetan.
Ospakizun handia prestatu duzue milagarren kontzerturako, Arriaga antzokian. Zer da zuentzat Bilboko antzoki mitikoa bluesez betetzea?
Amets bat gauzatzea da. Gutako inork ere ez luke pentsatuko halakorik gure musika ibilbideak abiatzen ari ginela. Apurka-apurka, aurrera egiten joan garen heinean, ametsa izatetik helburu izatera igaro da, eta abenduaren 30ean errealitate izango da azkenean: Arriagan, toki ikaragarri eta mitiko batean, jo ahal izango dugu.
Dena biribiltzeko, 1.000 kontzertu eskaini ditugula ospatzea izugarria da. Zorabiatzeko moduko zenbakiak dira.
Nolakoa izango da hilaren 30eko kontzertua?
Nire ustez, publikoak inoizko sasoi onenean dagoen talde bat aurkituko du, eskarmentu handia duena musikan eta esperientzia asko bizi izan dituena. Gogo eta ilusio handia dugu, gainera, eta horrek tamainako ikuskizuna bermatzen du.
Musikari dagokionez, denetarik egongo da. Zati bat poz handiak ekartzen ari zaigun lehen diskoari eskainiko diogu. Gero, kantu historiko batzuei helduko diegu, konponketa eta erritmo berriekin aurkeztuko ditugunak. Ezustekoren baterako tartea ere egongo da, kantu berri bat edo, eta, azkenik, kantu batzuk joko ditugu gure gonbidatu handiarekin, Earl Thomasekin.
Beraz, uste dut kontzertu dinamikoa izango dela eta ezustekoak izango direla.
Hamabost urte, mila kontzertu. Atzera begiratuta, zerk eraman zaituzte, zure ustez, Europako blues eszenan egun betetzen duzuen tokira? Zein izan dira zuen ibilbideko mugarriak? Zer izan da hamabost urteotako onena eta txarrena?
Lehen galderari erantzutea zaila da, ez baitago arrazoi bakarra. Beste ezeren gainetik, funtsezko oinarriak ahalegina, lana eta iraunkortasuna izan direla esango nuke, baina beharrezkoak izan dira, halaber, zorte ona, jende askoren babesa, jarri dugun pasioa eta, zergatik ez esan, urteotan, diskorik disko eta kontzerturik kontzertu, geureganatu dugun kalitatea.
Taldearen mugarriak asko dira. Disko eta bira bakoitzarekin, gauza ezberdinak lortzen joan gara: lehen disko grabatu, jaialdi batean lehenengoz jo, Euskaditik kanpo edo atzerrian bira egin… Urte guztiek izan dituzte bere mugarriak eta denak izan dira oso garrantzitsuak. Gure historia ezin da idatzi horietako bakoitza kontuan hartu gabe.
Hamabost urte hauetako onena, dudarik gabe, esperientziak izan dira, herrialdeak eta, batik bat, musikari esker mundu osoan egin ditugun lagunak. Hori hor geldituko da, hau bukatutakoan.
Txarrena da, nire ustez, lortu dugunari ez zaiola nahikoa baliorik eman, agian maistream-a ez den estilo bat egiten dugulako edo Bilbokoak garelako eta ez gaudelako denaren ardatzean. Ez dakit, baina uste dut zaila dela aurkitzea guk bezala ezerezetik, laguntzarik gabe, mundu osoan presente dagoen talde bat.
Baliteke egunen batean iristea aitorpen hori. Ikusiko dugu….
Kontzertua grabatu eta laster merkaturatuko duzue, disko formatuan. Nola egiten zaio aurre horri? Berdin goza daiteke kontzertu bat, grabatzen ari zarela jakinda?
Egia da grabatzeak erantzukizun maila igotzen duela. Hartualdi bakarra egongo da, eta ikuskizunaren kalterako izan liteke hori, ondo jo behar delako, baina saiatuko gara ahalik eta gutxien igar dadin. Lehen esan dizudan bezala, esperientzia daukagu eta zuzenean grabatuko dugun hirugarren diskoa izango da. Gainera, estudioan ere diskoak denok batera jotzen grabatzen ditugunez, espero dugu publikoak berdin-berdin disfrutatzea.
Azkenaldian, ibilbide sendoak zituzten hainbat taldek (Berri Txarrak, Vendetta, Yellow Big Machine…) utzi dute eta utziko dutela iragarri dute. Zelan egiten dio aurre Travellin’ Brothersek akidurari eta ez atzera ez aurrera gelditzeko arriskuari?
Egiten duguna maite dugu eta oso ondo pasatzen dugu. Ilusioa gero eta handiagoa da, eta ez dut, hortaz, egun hori gertu ikusten. Gure unerik musikal onenean gaude, sormen mailan ere; beraz, lanak emango ditugu oraindik ere.
Nik uste, jendeak erabakitzen duenean eta gure proposamenak erantzunik ez duela ikusten dugunean bananduko garela. Hori izango da albo batera mugitzeko une egokia, baina espero dezagun denbora gelditzea oraindik horretarako.
Travellin’-ek beti jarri dizkio erronkak bere buruari, maila musikal zein geografikoan eremu berriak konkistatzeko (Big Bandaren proiektua, atzerriko grabazioak…). Zer duzu orain aurrean?
Arrazoi duzu, atsegin ditugu erronkak. Bertan daukaguna Arriagako kontzertua eta uda pasatutakoan kaleratuko dugun horren grabazioa dira. Ikusiko dugu nolako erantzuna jasotzen dugun eta zer ematen digun, eta 2021erako, dena ondo bidean, gure hamargarren diskoa grabatuko dugu. Berezia izatea nahi dugu, eta jada ari gara buruari eragiten.
Eta hori guztia gertatzen den bitartean, mundu osoan zehar jotzen jarraituko dugu. Gure azken diskoak bide luzea du aurretik, 2019ko agenda nahiko aurreratuta dago jadanik eta bira egin nahi dugu Estatu Batuetan.
Nazioarteko hainbat artistari laguntzeko proiektuak ditugu, baita kontzertu batzuk Big Bandarekin ere… Tira, gauza asko. Jarrai dezala festak!