Musika
MTV BIZKAIA
Udalak eta Aldundiak 550.000 euro ordaindu zuten Museren San Mameseko kontzertuagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi erakundeek erdibana ordaindu dituzte azaroaren 3an Muse, Crystal Fighters eta Berri Txarrak taldeek emandako kontzertuak eragindako gastuak. 35.000 ikusle elkartu ziren San Mamesen.
MTV katearekin batera Bizkaian antolatutako ekitaldien baitan, azaroaren 3an Muse, Crystal Fighters eta Berri Txarrak taldeek San Mamesen eskaini zuten kontzertuak 550.000 euroko gastua eragin zien Bilboko Udalari eta Bizkaiko Diputazioari, atzo Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapeneko diputatuak Batzar Nagusietan jakitera eman zuenez.
Azaroaren 3an, 35.000 ikusle elkartu ziren San Mamesen.
Pradalesen esanetan, bi erakundeok oso gustura daude MTV Music Week ekimenak izandako emaitzarekin, bai ekitaldiek oro har izandako nazioarteko oihartzunarekin eta baita hiriaren eta Bizkaiaren izena munduan barrena zabaltzen laguntzeagatik.
San Mameseko kontzertuak 550.000 euroko kostua izan zuen. Diruaren zatirik handiena futbol zelaiaren drainatze-sistema babesteko estalkia jartzeko eta kontzertuan ostean belarra aldatzeko baliatu zen. Horrez gain, bestelako gastu txikiak ere izan ziren, segurtasunari eta kanpoaldeko argiteriari lotutakoak.
Bestalde, MTV katearen 2018 EMA sarien baitan Bizkaian antolatu ziren ekitaldietan ere jende andanak parte hartu zuen: Barakaldon, 9.000; Durangon, 5.000 eta Miribillan (Getxon egitekoa zen ekitaldia bertara lekualdatu zuten eguraldi txarragatik), 4.000.