Literatura
Getxoko Komiki Azoka
Getxoko Komiki Azokaren 18. edizioa urriaren 18tik 20ra izango da
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Joker liburu denda omenduko dute Getxoko Komiki Azokan.
-
Getxoko Komiki Azoka 2017. Argazkia: EFE
Joker liburu denda omenduko dute Getxoko Komiki Azokaren aurtengo edizioan. Santutxuko dendak 1994an ireki zituen ateak, eta 25 urteotan egindako ibilbide profesionala aitortuko diote. Halaber, Marika Vila ilustratzaile kataluniarrak izendapen berezia izango du Getxoko azokan.
Asteazkeneko aurkezpen ekitaldian, Getxokoa Euskadin gai horri lotuta egiten den azoka garrantzitsuena eta “maila nazionalean azpimarragarrienetakoa” dela adierazi du Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak.
Azokako gune nagusia Areetako plazan jarriko den karpan egongo da. Bertan jarriko dituzte komiki zaharrak eta bildumazaleentzako aleak eskainiko dituzten 40 postu baino gehiago. Romoko Kultur Etxean, berriz, tailerrak eta hitzaldiak emango dituzte. Zaleek euren ekoizpenak erakusteko gune bat ere izango dute.
Aurtengo edizioa “orain arteko eskaintza zabalena eta inklusiboena” izango dela azpimarratu du Borja Crespo azokako arte zuzendariak. Haurrentzako komikiak, superheroien komikiak, nobela grafikoak eta “youtuber” fenomenoaren inguruko komikiak egongo dira eskuragarri azokan.
Zuzeneko emanaldi bereziak izango dira aurtengo berrikuntza nagusia, Cresporen hitzetan. Gainera, “El Vibora” aldizkariaren 40. urteurrenaren inguruko erakusketa bat egongo da.