Itxi

Euskara

Urtarrilak 17 eta 18

Hizkuntza gutxiagotuak hizpide, Euskaltzaindiaren mendeurreneko biltzarrean

eitb.eus

Mendeurreneko hirugarren jardunaldi akademikoa Baluarten egingo dute, urtarrilaren 17an eta 18an. Hogeita bat hizlarik parte hartuko dute.

  • Euskaltzaindiaren ordezkariak

Hogeita bat hizlarik hizkuntza gutxiagotuak hartuko dituzte hizpide Euskaltzaindiak 2019ko urtarrilaren 17 eta 18rako Iruñean antolatu duen nazioarteko biltzarrean. Baionako saioaren eta Arantzazuko nazioarteko biltzarraren ostean, mendeurrenaren baitan Euskaltzaindiak antolatzen duen hirugarren jardunaldi akademikoa izango da Baluartekoa.

Nazioarteko adituen artean, besteak beste, ondokoek hartuko dute parte: Alain Viaut (Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateko irakaslea), Jeroen Darquennes (University of Namur, Belgika), Cor van der Meer (Frisieraren Akademia), Elena Chiocchetti (Institute for Applied Linguistics), Jean-Guy Talamoni (Korsikako Parlamentuko presidentea), Henrique Monteagudo (Galizieraren Errege Akademia), Joan Argenter (Institut d’Estudis Catalans) eta Sixto Molina (Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren idazkari eragilea).

Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu duenez, “Akademiak hasieratik izan ditu bi sail, Iker eta Jagon, euskararen normatibizazioa eta normalizazioa. Bigarrenari ekingo diogu Iruñean, bertara bilduko baikara hiru osagai nagusi hauek jorratzeko: batetik, Euskaltzaindiak historian zehar egin duen euskararen normalizaziorako ibilbidea aztertuko da, Jagon sailaren eskutik; bestetik, nazioarte mailan eta Euskal Herrian egun indarrean dauden araudiak eta esperientziak partekatuko ditugu, hizkuntza gutxiagotuen inguruko sarea ehunduz; eta, azkenik, Akademiaren barruan Jagon saileko Sustapen batzordearen lana bizkortu nahi dugu, Euskaltzaindiak arlo honetan egin dituen ekarpenak agertuz, hots, Euskaltzaindiaren Adierazpenak (1976-2018) eta Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz argitaraldi berri eta elektronikoak aurkeztuko ditugu”.

Urrutiak azpimarratu du ahalegin berezia egingo dela biltzarrean hizkuntza gutxiagotuen Akademia desberdinen arteko elkarlana sustatzeko.

Jardunaldia zuzenean jarraitu ahalko da.