Durangoko Azoka
Abenduak 5-9
Euskal kultura oparo eta aberatsa aldarrikatuko du Durangoko Azokak
eitb.eus
53. edizioaren kartela Txakur Gorria sormen kolektiboaren lana da, eta “DA! asko dira!” izango da Azokaren leloa.
Durangoko Azokak "bere aniztasuna" aldarrikatuko du abenduaren 5etik 9ra, 53. edizioan, topaketaren arduradunek gaur, kartelaren eta ildo nagusien aurkezpenean, aurreratu dutenez.
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak edizio honetako lelo nagusia aurkeztu du: "DA! asko dira!". "Euskal kultura oparoa eta aberatsa da eta aniztasun horren isla da Azoka. Kulturaren plaza da, merkatua, ikuskizuna, urteroko hitzordua, gogoeta eta eztabaidarako plataforma, jaia, errituala, topalekua...", adierazi du Mujikak.
Sormenaren lurraldea plurala dela azpimarratu nahi dute aurten Durangon: "Bertan elkartzen da sortzaile berria eta ibilbide luzekoa, garaikidea zein tradizionala, abangoardista nahiz herrikoia eta komertziala bezala apurtzailea".
Kartela, Txakur Gorriaren eskutik
Txakur Gorria sormen kolektiboa da Durangoko 53. Azokako kartelaren egilea. Mujikak gogoratu duenez, "azken urteetan ibilbide luzeko artistei agindu diegu enkargua, eta benetako ohorea izan da Nestor Basterretxea, Miriam Ocariz, Marta Cardenas, Jose Luis Zumeta, Christine Etchevers eta Jose Antonio Sistiaga artisten arte plastikoekin osatzea. Baina Azoka etengabe biziberritzen ari da, eta aurtengo irudia sortzeko sortzaile berriengana jo nahi izan dugu".
Txakur Gorria sormen kolektiboa Ane Labakak, Nerea Ibarzabalek, Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek osatzen dute, eta eskaera oso pozik hartu zutela adierazi dute.
Kartelean, "Landakon gertatzen diren mugimendu guztiak" islatu nahi izan dituzte. "Karteleko diseinua Landakoko planoan oinarrituta dago, eta bertan egiten diren mugimendu guztiak iradoki nahi ditu, errotuladore ibiltariak bagina bezala: sarrera, irteera, geldialdi, orrialdeak pasatzeko keinua, besarkada... Mugimendu askotariko baina osagarriak", azaldu dute.