Itxi

Artea

Ekainean ikusgai

Arte Ederren Bilboko Museoko hainbat pieza eta lan berriak, Tabakaleran ikusgai

N. V. | EITB Media

Tabakalerak inoiz hartu duen erakusketa handiena izango da "That Time. Artearen aroak". Besteak beste, Goyaren, Legerren eta June Cresporen lanak egongo dira, eta ekainean zabalduko dute.

  • "La santa faz" Francisco de Zurbaranen lana.

    "La santa faz" Francisco de Zurbaranen lana.

Tabakalerak eta Arte Ederren Bilboko Museoak "That Time. Artearen aroak. Tabakalera-Bilbao Museoa" erakusketa aurkeztu dute, eta ekainean jarriko dute jendearen gozagarri, arte garaikideko Donostiako zentroan.

Bi erakundeek lehen aldiz hartuko dute parte elkarrekin erakusketa proiektu batean, eta Arte Ederren Bilboko Museoaren bildumaren aleak eta erakusketa honetarako bereziki sortutako eta Tabakalerak ekoitzitako artelan berriak paratuko dituzte ikusgai.

2015ean inauguratu zenetik Tabakalerak hartuko duen erakusketarik handiena izango da: 1.500 m2-ko erakusketagunea. Besteak beste, Francisco de Goyaren Los disparates, Fernand Legerren La creación del mundo, Zurbaranen La santa faz eta June Cresporen Régimen Diurno lanek eta Tabakalerako ekoizpen berriek osatuko dute erakusketa.

Erakusketaren komisarioak bi erakundeetako lantaldeetako kideak dira: Miriam Alzuri, Arte Ederren Bilboko Museoko Arte Moderno eta Garaikidearen kontserbatzailea, eta Oier Etxeberria, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Programa Publikoaren arduraduna.