Itxi

Artea

Sariak

Gure Artea sariak, Miren Arenzana, Sahatsa Jauregi eta Xabier Arakistainentzat

eitb.eus

Arte plastiko eta ikusizkoen arloko sariok Arenzanaren ibilbide artistikoa aitortu dute, Jauregik sorkuntza lana aitortzeko saria jasoko du eta Arakisek ikusizko arteen arlokoa.

1:34
Gure Artea sariak

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Gure Artea sarietako aurtengo irabazleen izenak iragarri ditu, gaur goizean, Bilboko Arte Ederren Museoan. Arte plastikoen eta ikusizkoen arloko epaimahaiak honako saridunak aukeratu ditu aurten: Miren Arenzana Letamendi, ‘Ibilbide artistikoa aitortzeko saria’ modalitatean; Sahatsa Jauregi Azkarate, ‘Sorkuntza-lana aitortzeko saria’ modalitatean; eta Xabier Arakistain Ecenarro ‘Arakis’, ‘Arte Plastiko eta Ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko’ modalitatean. Edizio honetako sariak emateko ekitaldia irailean egingo da, Gasteizko Artium Museoan.

Fernando Golvano izan da epaimahaiaren presidentea, eta berarekin batera egon dira Beatriz Herráez, Gema Intxausti, Iñaki Gracenea eta Maite Martínez de Arenaza.

Miren Arenzana Letamendi bilbotar eskultoreari ‘Ibilbide artistikoa aitortzeko saria’ emateko arrazoien artean, Gure Artea sarietako epaimahaiak adierazi du Arenzanaren lana erreferentzia garrantzitsua dela ondoko belaunaldientzat.

Halaber, bere sorkuntzan genero ikuspegia txertatzeko egin duen apustua nabarmendu dute, baita bere lanak azken urteetan izan duen bilakaera ere: “Arkitekturarekin jokoak, argia eta kolorea modu askotara inbrikatzen dira bere azken proposamenetan”.

‘Sorkuntza-lana aitortzeko saria’ Sahatsa Jauregi Azkaraterentzat izan da aurten, “eskulturari eta artxiboari loturiko lan bat garatzeagatik eta herri-kulturaren forma ezberdinen analisi sakonean oinarritutako erreferentzia-aukera itzela osatu duelako horretarako”.

“Azken urteetan eraiki duen formen eta irudien katalogo zabalak —hainbat testuingurutan eta euskarritan erakutsia— berau inguratzen duena modu berezi eta zehatz batean erregistratzen duen bildumagile artatsu bati buruz hitz egiten du”, epaimahaiaren hitzetan.

Azkenik, Xabier Arakistain Ecenarro ‘Arakis’ saritua izan da ‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria’ modalitatean. Erakusketa-komisario gisara izan duen ibilbidea azpimarratu nahi izan du epaimahaiak, non “emakumezko eta gizonezko artistak berdintasunez tratatu eta arte ofizialaren historiografiaren kanonak berraztertu baitituen”.

Epaimahaiak, bestalde, Arakistain Bilbaoarteko erakusketa programaren arduraduna izan zela eta 2006tik 2011ra arte Gasteizko Montehermoso Kulturuneko zuzendaria izan zela adierazi du.