Itxi

Artea

Erakusketak

Holzer, Struth, Fontana, Moradi eta Sotoren lanak Guggenheimen, 2019an

Agentziak | Erredakzioa

Abenduaren 17ra arte, 1.220.449 pertsonak bisitatu dute Bilboko museoa 2018an. Datorren urteko aurrekontua 28,4 milioi eurokoa izango da, azken urteetan izandakoaren antzekoa.

  • "Kubo polikromoa", Jesus Soto

    "Kubo polikromoa" Jesus Soto venezuelarraren lana ikusi ahalko da, besteak beste

Guggenheim Bilbao Museoak Jenny Holzer, Thomas Struth eta Lucio Fontana artisten lanaren inguruko atzera begirako erakusketak egingo ditu 2019an, Giorgio Morandiri begiratuko dio, Kunsthalle Bremen museoko funtsen lagin bat erakutsiko du eta Jesus Sotoren ibilbidea ekarriko du Bilbora.

“Gaur egungo artearen oinarriak” izenburu nagusiaren azpian, erakusketa hauek aurkeztuko dituzte: “Atzera begirada: Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak” eta XIX eta XX. mendeetako frantses eta alemaniar artea azpimarratuko duen bilduma, Bremengo Kunsthalle museoko maisulanekin paratutakoa.

“Aldi baterako erakusketa handiei” dagokienez, udaberrian Jenny Holzer izango da protagonista Bilboko museoan, eta udazkenean Thomas Struth alemaniar argazkilariaren berrogei urteko lanari irekiko diote atea.

Maiatzetik aurrera, “Gaur egungo artearen zertzeladak” sailaren barruan, Lucio Fontanari buruzko atzerabegirakoa izango da erakusgai; baita Gehrad Richterren itsas paisaien aukeraketa bat, zeinak ikus hautematearen naturaren inguruko hausnarketa proposatuko baitu; eta “Jesus Soto, laugarren dimentsioa” erakusketa ere, venezuelar artistak eskulturaren erabilera berriei buruz duen ikuspegia jorratuko duena, esperientzia artistiko erabatekotzat hartzen baitu arte adierazpide hori.

Azkenik, Allora & Calzadilla, Jesper Just, eta Jesse Jonesen bideoinstalazioek osatuko dute 2019ko programazio artistikoa.

Halaber, 2020rako prestatzen ari diren proiektu batzuen berri ere eman dute: Lygia Clark, Vasily Kandinsky, Olafur Eliasson, El Anatsui, Richard Artschwager, Lee Krasner…

Emaitzak eta aurrekontua

Aurtengo zenbakiei dagokienez, abenduaren 17ra arte 1.220.449 pertsonak bisitatu zuten museoa, aurreikusitakoa baino % 30 gehiagok.

Halaber, 2019ko aurrekontua onartu dute. 28,4 milioi eurokoa izango da, aurreko urteetakoen antzekoa, eta erakundeek ere diru-laguntzei eutsiko diete. 7,4 milioi bideratuko dituzte programazio artistikora.