Itxi

Artea

Urriak 20-21

Guggenheimerako sarrera doakoa izango da asteburuan

Museoaren 21. urteurrena dela eta, urriaren 20 eta 21ean bisitariek ez dute ordaindu beharko, besteak beste Giacomettiren lanaren inguruko atzera begirako erakusketa ikusteko.

  • Museoaren 21. urteurrena ospatuko dute horrela. Argazkia: Txaro Ortiz de Zarate.

    Museoaren 21. urteurrena ospatuko dute horrela. Argazkia: Txaro Ortiz de Zarate.

Museoaren 21. urteurrena ospatzeko eta Alberto Giacometti. Atzera begirakoa erakusketaren inaugurazioa dela eta, Guggenheim Bilbao Museoan doan sartzeko aukera izango da asteburuan, larunbatean, urriak 20, eta igandean, urriak 21.

Museotik azaldu dutenez, “Giacomettiren erakusketak begirada paregabea eskaintzen dio XX. mendean izan zen itzal handieneko artistaren obra zabalari; horrez gain, bisitariek aukera izango dute honako erakusketez gozatzeko eta haietan murgiltzeko: Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua, XIX. eta XX. mendeetako maisu handien artelanen hautaketa —hala nola, Van Gogh, Manet, Monet, Cézanne, Renoir, Matisse, edo Picasso—; eta Joana Vasconcelos. Zure ispilua naiz arrakastatsua, artista portugaldarrari Espainiako Estatuan eskaini zaion lehenengo erakusketa antologikoa”.

Azkenik, bideoartearen zaleek ikusgai izango dute Javier Téllez artistaren Itzal-antzerkia, eta aukera bikaina izango da, noski, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako Maisulanak aurkezpena berriz bisitatzeko.