Txirrindularitza
'Justizia egin da'
Ibai Salas, pozik zigorra bertan behera geratzeagatik, ez da errepideetara itzuliko
Agentziak | Erredakzioa
Ezarri zioten lau urteko zigorra baliogabetu du Kirol Arbitrajeko Auzitegiak, baina Burgos BH taldean ibilitako txirrindulari bilbotarrak bukatutzat eman du bere ibilbidea.
-
Ibai Salas. Irudia: EiTB.
Ibai Salas Burgos BHko txirrindulari ohia "pozik" agertu da Kirol Arbitrajeko Auzitegiak lau urteko zigorra baliogabetu duelako. Pasaporte biologikoan ustez izandako irregulartasunengatik zigortu zuten. Txirrindulariaren arabera, erabaki horrek ibilbide profesionala hondatu zion, eta orain bukatutzat ematen du.
27 urteko Bilboko txirrindulariaren arabera, zigorra baliogabe uzteagatik "borrokatu dut denbora honetan", eta bere errugabetasuna erakusten duela eta "justizia" egin dela uste du.
Salasi lau urteko zigorra eta 3.001 euroko isuna jarri zizkion urrian Espainiako Kiroleko Osasuna Zaintzeko Agentziak, 2017ko pasaporte biologikoan ustez irregulartasunak izateagatik. Orain, erabaki hori baliogabetu du Kirol Arbitrajeko Auzitegiak.
Burgos BHk taldetik kanpo utzi zuen erabakia jakin zuenean, eta Bizkaiko txirrindulariak atsekabea hartu zuen; "bat-batean bizkar eman zidan taldeak, eta modurik okerrenean", esan du.
Egoera horrek min handia eragin ziola onartu du Salasek, "inork ez duelako horrela tratatua izatea merezi, are gehiago babesa espero duzun momentu batean, eta ez ostiko bat jasotzea eta zenbat eta urrunago, hobeto".
Azaldu duenez, berea "ez zen inoiz positibo bat izan, baizik eta pasaporte biologikoan ustez izandako irregulartasun bat". Prozesu hori ere kritikatu du, uste duelako "ez litzatekeela datuen babesa urratu sumarioa filtratuta".
Salasek ez du buruan berriz lehiatzea, eta itxitzat ematen du bere ibilbide profesionala. Hala ere, txirrindularitzari lotuta jarraituko duela argitu du. "Kirol honen ostean, bizitza jarraitu egiten du, eta aurrera begiratu behar da, nik eta nire familiak momentu txarrak igaro ditugun arren".
Taldeko managerra: "Pozik nago Salasengatik, baina gauza bera egingo nuke berriro"
Julio Andres Izquierdo Burgos BHko zuzendaria pozik dago "Salasengatik eta taldearengatik", baina esan duenez, taldetik kanpo uzteko erabakia "errepikatuko luke egoera berriz errepikatuko balitz".
Zuzendaria bat dator Salaren poztasunarekin, eta erabakia "oso zaila" baina saihestezina izan zela esan du.
"Txirrindulariagatik pozten naiz, baina egoera horretatik igaroko banintz modu berean jardungo nuke, dopinarekin tolerantziarik ez dela izan behar uste dudalako. Kasu honek eta izan ditugun beste batzuek min handia eman digu, taldeari eta nire buruari ere; oso gaizki pasa dut, baina momentu horretan egin beharrekoa egin nuen", esan du.