Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Zesta-punta

Helena eta Arai, 2025eko Euskotren Winter Serieseko txapeldunak

EITB MEDIA

Durangoko aurrelariak eta Markina-Xemeingo atzelariak Elaia Gogenola eta Oaia Otaño mendean hartu dituzte, finalean, bi jokotan, 15-8 eta 15-4, eta, ondorioz, txapelak janztea lortu dute. Banakako Seriesen, Aritz Erkiagak erdietsi du titulua, Johan Sorozabal menderatuta.

1:12

Helena Barrenetxeak eta Arai Lejardik irabazi dute 2025eko Euskotren Winter Series txapelketa, astelehenean, Durangoko Ezkurdi Jai Alain jokatutako finalean Elaia Gogenola eta Oaia Otaño bi jokotan mendean hartuta, 15-8 eta 15-4. Halaber, Banakako Seriesen, Aritz Erkiagak lortu du txapela janztea; izan ere, finalean, Johan Sorozabali gailendu zaio, hiru jokotan (8-12, 12-8 eta 0-5).

Euskotren Winter Serieseko finalean, Helenak eta Araik lehen joko oso ona egin dute, eta neurketako aurreneko puntua eskuratu dute, 15-8 gailenduta. Durangoko aurrelariak eta Markina-Xemeingo atzelariak hasieratik hartu dute aurrea markagailuan, lehenengo hiru tantoak lortuta, eta jokoaren amaierara arte izan dira aurretik. Elaiak eta Oaiak tanto polit batzuk egin dituzte, baina aurkariak sendoago ibili dira.

Helenak eta Araik lortutako abantailak mina egin die Elaiari eta Oaiari bigarren jokoan; Berriatuko aurrelariak eta Mutrikuko atzelariak ez dute ia aukerarik izan, eta une oro izan dira atzetik markagailuan. Helenak hainbat erremate eder egin ditu, eta, atzean, Araik norgehiagoka oso erregularra egin du, oso sendoa. 15-4 amaitu da bigarren jokoa, eta, horrenbestez, Helena Barrenetxeak eta Arai Lejardik jantzi dituzte txapelak; Helenak, horrez gain, puntistarik onenaren saria jaso du.

Markagailuaren bilakaera

1. jokoa: 1-0/2-0/3-0/3-1/3-2/4-2/5-2/6-2/7-2/8-2/ 8-3/9-3/9-4/9-5/10-5/11-5/12-5/13-5/14-5/14-6/14-7/14-8/15-8.

2. jokoa: 1-0/2-0/2-1/3-1/4-1/5-1/5-2/6-2/7-2/8-2/9-2/10-2/10-3/11-3/12-3/13-3/13-4/14-4/15-4.

Aritz Erkiaga, Banakako Serieseko txapeldun

Banakako Series txapelketari dagokionez, Aritz Erkiagak lortu du txapela janztea, gizonezkoen banakako txapelketako 2025eko ekitaldian; izan ere, finalean, Johan Sorozabal 2024ko txapelduna menderatu du. Ispasterrekoa hiru jokotan gailendu zaio Biarritzekoari, 8-12, 12-8 eta 0-5.

Erkiaga gehiago izan da lehenengo jokoan, baina, bigarrenean, Johanek erantzun egokia eman eta hirugarren jokoa behartu du, txapelduna erabakitzeko; hirugarren joko horretan, nolanahi ere, puntista bizkaitarra oso argi nagusitu da.

Aritz Erkiagak eskuratu du garaipena, Banakako Seriesen. Argazkia: EITB Media.

Aritz Erkiagak eskuratu du garaipena, Banakako Seriesen. Argazkia: EITB Media.

Hurrengo zuzenekoak

  • Gaur
  • OG.
  • OR.
  • LR.
  • IG.
  • AL.
  • AS.
26 20:00 - 22:30 SASKIBALOIA | Europe Cupeko finalerdia: Dijon vs Bilbao Basket

Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…