Pilota
Eusko Label Winter Series
Laduchek eta Mancik jokatuko dute Eusko Label Winter Serieseko finala, Urreisti eta Gorka mendean hartuta
EITB MEDIA
Ludovic Laduchek eta Mikel Mancik bi jokotan menderatu dituzte, 15-12 eta 15-9, Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal, astelehenean, eta, horrenbestez, txapelketako finalean izango dira, otsailaren 16an; Erkiaga eta Ibarluzea izango dituzte aurkari.


Ludovic Laduche eta Mikel Manci 2024-25eko Eusko Label Winter Serieseko final handirako sailkatu dira, eta Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea izango dituzte aurkari final horretan; neurketa hori otsailaren 16an jokatuko dute, igandez. Astelehen honetan eskuratu dute Laduchek eta Mancik finalerako sailkatzea, Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal bi jokotan mendean hartuta, 15-12 eta 15-9, txapelketako finalerdietako ligaxkako laugarren jardunaldian, Jai Alai pilotalekuan, Gernika-Lumon.
Ligaxka horretan oraindik bi jardunaldi gelditzen direla, eta lehian dabiltzan lau bikoteek bina partida jokatuta, Erkiagak eta Ibarluzeak zortzi puntu dituzte, eta Laduchek eta Mancik, zazpi; beraz, Thomas Urrutiak eta Thibault Basquek eta Urreistik eta Gorkak osatzen dituzten bikoteek, hurrenez hurren puntu bat eta punturik ez dutenak, ez dute inolako aukerarik sailkapeneko lehenengo bi postuetan dauden bikoteen parean kokatzeko. Nabarmentzekoa da, halaber, hurrengo astelehenean, otsailaren 3an, finala jokatuko duten bi bikoteak arituko direla nor baino nor gehiago.
Testuinguru horretan, astelehenean izandako norgehiagokan, Laduchek eta Mancik euren pilota baliatu dute min emateko, aurreneko jokoan, eta partidako lehenengo puntua eskuratu dute, 15-12 nagusituta. Urreistik eta Gorkak ekin diote hobeto neurketari, eta, hasierako tantoetan, 4-1 eta 5-3 ari zitzaizken gailentzen, baina Laduchek eta Mancik seinako berdinketa erdietsi dute, eta, hortik aurrera, hiru tantoko aldea eskuratu dute, 9-6koan. Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal suspertu egin dira, eta, bost tanto elkarren segidan eginda, beste behin jarri dira aurretik, 11-9koan; Ludovic Laduchek eta Mikel Mancik, baina, gehiago asmatu dute jokoaren zati erabakigarrian, eta, horrenbestez, lortu egin dute. Ematen zuen emaitzak eragindako tentsioa, jokoan asko baitzegoen, nolabait estutzen ari zitzaiela lau puntistei; izan ere, lehenengo joko horretan ez zaie ikusi beste hainbatetan bezain bikain, indartsu jokatzen ari ziren arren.
Lau protagonisten artean, hori bai, Laduche ari zen erakusten mailarik onena, eta getariarrak oso ondo jokatu du bigarren jokoan; orduan erabaki dute Mancik eta lapurtarrak neurketa eta finalerako sailkatzea. Jokoaren atsedenaldian, Urreisti eta Manci 8-7 ari ziren nagusitzen, baina, kantxara itzulita, Laduchek eta Mancik 6-0eko partziala lortu dute, eta 13-8 jarri dira, finala bi tantora zutela; garaipenak ez die ihes egin aurrelari lapurtarrari eta atzelari mutrikuarrari, eta, hortaz, otsailaren 16ko final handian, Erkiaga eta Ibarluzea aurkari, txapelak janztea izango dute helburu.