Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Ofizialtasuna

Espainiako Kirol Elkarteak "bidegabekeriatzat" jo du Euskal Federazioa Nazioartekoan sartzea

Agentziak | EITB Media

Espainiako kirol-federazioak biltzen dituen elkartearen (Adesp) ustez, erabakia "modu ilun eta antidemokratikoan" hartu zen. UPNk EPNFren erabakiaren aurka egiteko deia egin du.

  • Artxiboko irudia: EITB

    Artxiboko irudia: EITB

Espainiako Kirolaren Elkarteak (Adesp), Espainiako kirol-federazioak biltzen dituen erakundeak, "bidegabekeriatzat" jo du Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioak (EPNF) Euskal Federazioa kide berri gisa onartzeko hartutako erabakia, "modu ilun eta antidemokratikoan" hartu zela iritzita.

Ohar batean, Euskal Federazioaren sarrera, hilaren 28an Iruñean egindako batzar orokorrean, "irregulartasun larriz" inguratuta egon zela uste du Adesp erakundeak. Irregulartasun horien artean, aipatu ditu Espainiako Federazioaren parte-hartzea eragotzi zela eta zazpi herrialdek baino ez zutela parte hartu.

Era berean, salatu du estatutuak aldatu zirela beste nazioarteko federazioan kide bat sartzeko, puntu hori gai-zerrendan sartu gabe, "edozein federaziotan sinestezina eta, are gehiago, nazioarteko erakunde batean".

"Horrelako edozein erabaki aldez aurretik jakinarazi behar da, eta inoiz ez ezkutuan eta bat-batean", dio Jose Hidalgo buru duen elkarteak.

Elkartearen ustez, gainera, larria da EPNFk bi herrialde "azpikeriaz" zigortu izana batzarra egin baino egun batzuk lehenago, bozketetan parte hartu ahal izan ez zezaten, haien botoa ezezkoa izango zela jakinda, eta "Xavier Cazaubon nazioarteko federazioko presidenteak planifikatutakoari jarraituz".

Oharrean adierazten da Cazaubonek "erantzukizun zuzena" duela "Espainiako Euskal Pilota Federazioaren aurka eta Espainiako gainerako kirolaren interesen kontra" zuzendutako operazioan.

Adesp elkarteak ziurtatu du EPNFren erabakiaren aurka abian jartzen diren lekintza guztiak babestuko dituela, bai justizia arruntaren esparruan, bai nazioarteko kirol-arloan, Espainiako Pilota Federazioari "babes irmoa" emateko.

UPN: "Nazio bat gehiago balitz bezala"

Zentzu horretan, UPNk Espainiako kirol erakundeei auzitara jotzeko eskatu die, EPNFk Euskal Federazioa "nazio bat gehiago balitz bezala" kide berri gisa onartzeko hartutako erabakia bertan behera uzteko.

Era berean, UPNk Nafarroako Parlamentuari eta Iruñeko Udalari proposatuko die Espainiako Gobernuari eska diezaiola Kirol Legearen 48.2 artikulua indargabetzeko, erkidegoen nazioarteko parte-hartzea ahalbidetzen baitu, erregionalistek ohar batean adierazi dutenez.

Cristina Ibarrola UPNko presidenteak telefonoz hitz egin du gaurJuan Garcia Angulo Espainiako Euskal Pilota Federazioko presidentearekin, eta "modu koordinatuan lan egitea" adostu du, "sortu den egoera iraultzeko".

UPNren ahotan, "Pedro Sanchezek EAJri arrazoi politiko hutsengatik eta interes pertsonal eta alderdikoiengatik emandakoari erantzuten dio gertatutakoak, berriro ere, inbestidura ziurtatzeko, erabaki hori justifikatzen duen kirol arrazoirik egon gabe".