Pilota
OFIZIALTASUNA
Euskadiko Pilota Federazioa Nazioarteko Federazioko eskubide osoko kide bilakatu da
EITB MEDIA
Hala onartu dute batzarkideek gaur goizean Iruñean egin duten bileran. Akordio horrek aukera eskainiko lieke euskal pilotariei nazioarteko lehiaketetan euskal selekzioarekin parte hartzeko.
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak (FIPV), larunbat honetan Iruñeko Iruña Park hotelean egin duen biltzarrean, onartu egin du Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza eskubide osoko kide izatea.
Nahiz eta eguneko gai-zerrendan egon ez, azkenerako gaia eztabaidatu dute batzarkideek. Hala, lehendabiziko bozketa batean estatutuak aldatzea onartu dute bertaratutako kideek, eta horretarako batzarkideen bi herenen babesa izan dute.
Ondoren, bigarren bozketa batean, Euskal Autonomia Erkidegoa ofizialki kidetzat sartzea onartu dute.
Horrenbestez, aipatu akordioak aukera eskainiko lieke euskal pilotariei nazioarteko lehiaketetan euskal selekzioarekin parte hartzeko, 2026an Argentinan jokatuko den Munduko Txapelketan edota Bilbok eta Gernikak 2030ean hartuko duten lehiaketan, besteak beste. Hala, zentzu horretan, Gotzon Enbil Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidenteak EITBri egindako adierazpenetan aurreratu duenez, hitzordu bietan egoten saiatuko dira. Dena den, "kautelaz" jokatzeko asmoa agertu du; izan ere, gaur hartutako erabakiaren kontra helegiteak egotea espero dute.
2023ko saiakera, bertan behera
Nazioarteko Federazioak 2023ko uztailean aztertu zuen azkenekoz Euskadiko Federazioa kidetzat onartzea, Mexiko Hirian egin zen ezohiko bileran. Hala ere, gai-zerrendan aztertu beharreko puntu bakarra izan arren, azkenerako ez zen gauzatu estatutuak aldatzeko aurreikusitako bozketa, eta hori nahitaezkoa zen euskal erakundea eskubide osoko kide bihur zedin. Beraz, orduko hartan bertan behera geratu zen asmoa.