Pilota
Eusko Label Winter Series
Barandikak eta Lopezek garaipen batekin esan diote agur txapelketari
EITB MEDIA
Goitia eta Del Rio gainditu dituzte bi setetan, Del Rioren lesioak baldintzatutako partidan. Atzelari arabarrak erretiratu behar izan du eta bere ordez Aldazabal gaztea atera da.
-
Barandika eta Lopez, partidaren amaieran. Irudia: EITB MEDIA.
Xabier Barandika eta Imanol Lopez Goitia eta Del Riori gailendu zaizkie Eusko Label Winter Series txapelketako 9. jardunaldian. Bi bikoteek ez zuten ezer jokoan, aurreko jardunaldietan garaipenik lortu gabe finalerdietako ligaxkatik kanpo geratu baitira.
Aurreikuspenek Barandika eta Lopez eman dituzte faborito, eta bizkaitarrak eta gipuzkoarrak aurreikuspenek esandakoa gauzatu dute Gernikako kantxan. Lehen seta aise irabazi dute, 15 eta 8. 13 eta 8koan ezustekoa izan da, Julen del Rio arabarrak erretiratu behar izan baitu min hartuta, eta bere ordez Ortzi Aldazabal 17 urteko berriatuarra kantxaratu da. Del Riok mina sentitu du zango batean markagailua 6 eta 4 zela, eta aurrera egiten saiatu den arren, azkenean amore eman behar izan du eta bere lekua Aldazabal gazteari utzi.
Horrela, norgehiagoka bitxia ikusi dugu atzeko aldean, 40 urteko Imanol Lopez eta 17 urteko Ortzi Aldazabalekin.
Bigarren setean bikote horiak aurrea hartu du 4 eta 0eko zuloa eginda , eta hortik aurrera bost tantoko aldea izatea ere lortu dute (10-5), baina Goitia eta Del Rio suspertu egin dira eta partida berdintzeaz gain (10-10) aurretik jartzea ere lortu dute (10-11). Baina momentuko susperraldia izan da, ondorengo tanto guztiak faboritoen alde jausi baitira. Bigarren seta ere Barandikak eta Lopezek eraman dute (15-11).
Aldazabalek partida polita egin du bere debutean.