Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Eusko Label Winter Series

Urreisti eta Gorka Eusko Label Winter Serieseko finalerdietako ligaxkan dira, beste garaipen bat eskuratuta

EITB EUS

Txapelketako bosgarren jardunaldian, Eñaut Urreistik eta Gorka Sorozabalek ligaxkako hirugarren eta azken partida jokatu dute; horretan, Laduche eta Manci menderatu dituzte, hiru jokotan (10-15, 15-11, eta 5-3).

  • Gorka eta Urreisti, elkarren ondoan, partidako une batean. Argazikia: EITB Media.

    Gorka eta Urreisti, elkarren ondoan, partidako une batean. Argazikia: EITB Media.

Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal 2024-25eko Eusko Label Winter Serieseko finalerdietako ligaxkarako sailkatu dira, astelehen honetan; izan ere, txapelketako bosgarren jardunaldian, Urreisti-Gorka bikoteak Ludovic Laduchek eta Mikel Mancisidor Mancik osatzen duten bikotea menderatu dute, hiru jokotan, 10-15, 15-11 eta 5-3, A multzoan, Gernika-Lumoko Jai Alain. Urreistik eta Gorkak, horrenbestez, hamar puntu batu dituzte ligaxkan, Eusko Label Winter Serieseko aurreneko fasean bikote bakoitzak jokatu behar dituen hiru neurketak jokatuta, eta bermatu egin dute urtarrilaren 6an hasiko den finalerdietako ligaxkarako txartela; Laduchek eta Mancik, ordea, puntu bat eskuratu dute, txapelketan jokatu duten lehenengo norgehiagokan.

Testuinguru horretan, Laduche eta Manci hobeto aritu dira partidako aurreneko jokoan; hasieratik hartu dute aurrea, eta eutsi egin diote, poltsikoratu arte. Urreistik eta Gorkak ezin izan dute eman txapelketan jokatuta zituzten lehenengo bi neurketan erakutsitako maila, eta aurkariek, bereziki atzean oso sendo ibili den Mancik, erregulartasun handiagoa izan dute. Urreisti eta Gorka 9-10 ere izan dira, gertu-gertu, baina Laduchek eta Mancik lau tanto jarraian egin dituzte, eta jokoa eskuratu dute azkenean, 15-10 gailenduta.

Bigarren jokoan, Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal indartsuago hasi dira, eta aldetxoa lortu dute lehen tantoetan (4-1, 6-2). Laduchek eta Mancik, baina, eskura izan dute markagailua berdintzea (7-8, 8-9), eta bazirudien jokoaren amaiera emozioz beterikoa izango zela; Urreistik eta Gorkak jokoa irabazi behar zuten, finalerdietako ligaxkarako sailkatzea bermatze aldera, eta ez dute aukerarik eman, 15-111 irabazita.

Hirugarren jokoan, Zalantzen Txokoa bi aldiz sartu da. Bereziki, bigarrenean izan da eztabaida; izan ere, Urreisti eta Manci 3-2 irabazten ari zirela, Mutrikuko aurrelariak sutsu eskatu du Laduchek, saskiaz, jokaldia oztopatu egin diola. Azkenean, Urreistik eta Mancik, finalerdian daudela ziurtatuta, garaipena erdietsi dute, 5-3, eta sailkatzea poltsikoan dutela joango dira Daniara, hurrengo egunetan.