Pilota
Eusko Label Winter Series
Urreistik eta Gorkak Barandika-Lopez menderatu dituzte, eta zazpi puntu dauzkate Eusko Label Winter Seriesen
Mutrikuko aurrelariak eta Biarrizko atzelariak 15-10 eskuratu dute aurreneko jokoa, eta 15-11 bigarrena. Barandikak eta Lopezek ezin izan diote hasiera ona eman txapelketari.
Eñaut Urreistik eta Gorka Sorozabalek Xabi Barandika eta Imanol Lopez hartu dituzte mendean, bi jokotan, 15-10 eta 15-11, 2024-25eko Eusko Label Winter Serieseko ligaxkako hirugarren jardunaldian, A multzoan, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, astelehenean. Horrenbestez, Urreisti eta Gorka, orain arte jokatutako bi partidak irabazita, eta sailkapenean zazpi puntu dituztela (lehenengo jardunaldian hiru lortu zituzten, eta oraingoan lau), A multzoko lehen postuan dabiltza; Barandikak eta Lopezek, ordea, ezin izan dute punturik batu, txapelketan jokatu duten aurreneko norgehiagokan.
Hala, Urreistik eta Gorkak oso ondo jokatu dute lehenengo jokoan, eta maila ederra erakutsi. Partidako lehenengo tantoa Barandikak eta Lopezek egin dute, baina, hortik aurrera, Mutrikuko aurrelariak eta Biarrizko atzelariak kantxan eta markagailuan izan dute aurrea. Xabi Barandikak ez du asmatu sakean, eta Urreistik, 2-1ekoan, 6-3koan, 10-4koan eta 12-8koan, erremate oso politak egin ditu, tantoa eskuratzeko. Urreistik eta Gorkak 15-10 irabazi dute, lehenengo jokoan.
Bigarren jokoan, gipuzkoarrak eta lapurtarrak berretsi egin dute lehenengoan erakutsi duten bikaintasuna, eta 15-11 gailendu dira. Zalantzen Txokoa bi aldiz sartu da; lehenik, Barandikak eta Lopezek eskatu dute, eta, gerora, Urreistik eta Gorkak, eta epaileak bietan eman die arrazoia eskaria egin dutenei, hain zuzen ere beteranoentzako 4-2koan eta gazteentzako 7-4koan. Irabazleek indarrez jokatu dute, eta, horrez gain, burua hotz izan dute jokoaren une erabakigarrietan.