Pilota
Eusko Label Winter Series
Urrutiak eta Basquek Olharan eta Zabala menderatu dituzte, eta gakoa izan ahal den garaipena eskuratu dute
EITB MEDIA
2024-25eko Eusko Label Winter Seriesko bigarren jardunaldian, Thomas Urrutiak eta Thibault Basquek Jean Olharan eta Jon Zabala hartu dituzte mendean, 15-13 eta 15-12; horrenbestez garaileek aurrerapauso handia eman dute, B multzoan, finalerdietako ligaxkan sartzeko lehian.
Thomas Urrutiak eta Thibault Basquek Jean Olharan eta Jon Zabala hartu dituzte mendean, 2024-25eko Eusko Label Winter Seriesko bigarren jardunaldian, bi jokotan, 15-13 eta 15-12, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, txapelketako B multzoan, ligaxkan, astelehenean. Hala, Urrutiak eta Basquek lau puntu dituzte sailkapenean, eta finalerdietako ligaxkan sartzeko giltzarria izan litekeen aurrerapausoa eman dute; Olharan eta Zabala, ordea, hurrengo partidan saiatuko dira eskuratzen aurreneko puntuak.
Norgehiagoka gogorra izan da, parekatua, oso lehiatua, erritmo bizi-bizikoa. Olharanek eta Zabalak, lehenengo jokoan, hobeto ekin diote neurketari, eta aurrea hartu dute markagailuan, alde txikiarekin bada ere. Atsedenaldian, Paueko aurrelaria eta Markina-Xemeingo atzelaria 8-6 ari ziren nagusitzen, Zalantzen Txokoa izenekoak zortzigarren tanto hori eman baitie, baina Ipar Euskal Herriko bi puntisten erreakzioa oso ona izan da, eta, azkenean, Urrutiak eta Basquek indarra baliatu dute eta jokoa poltsikoratu.
Bigarren jokoan, tantoak laburragoak izan dira; ematen zuen partidaren gogortasunak eragina zuela lau pilotariengan. Oso parean aritu dira bigarren setean ere, baina, une erabakigarrietan, Urrutiak eta Basquek aurkariek baino gehiagotan asmatu dute. Garaipenak B multzoko buruan utzi ditu irabazleak, Aritz Erkiagarekin eta Ion Ibarluzearekin berdinduta.