Pilota
1. JARDUNALDIA
Bi partida, Eusko Label Winter Seriesen laugarren denboraldiaren estreinaldian
EITB MEDIA
Batetik, Goitia-Del Rio eta Urreisti-Gorka bikoteek jokatuko dute; bestetik, Erkiaga-Ibarluzea eta Johan-Lekerika izango dira aurrez aurre Gernikako Jai Alai frontoian. Bi norgehiagokak ETB1en eta eitb.eus-en izango dira ikusgai, 22:15etik aurrera.
-
Jai Alai Winter Series 2024-25
Astelehen honetan, urriak 28, hasiko da Eusko Label Winter Seriesen laugarren denboraldia Gernikako Jai Alai frontoian. Bi partida jokatuko dituzte lehen jardunaldian: A taldeko Goitia-Del Rio eta Urreisti-Gorka, eta B taldeko Erkiaga-Ibarluzea eta Johan-Lekerika. 22:15etik aurrera, bi norgehiagokak izango dira ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en, kontrako ordenan.
Zortzi bikote arituko dira lehian hurrengo asteetan. Barandika-Imanol eta Laduche-Manci dira A taldeko beste lau puntistak; B taldekoak, ostera, Olharan-Zabala eta Urrutia-Basque.
Abenduaren 30era arte, astelehenero, Gernikako Jai Alai zestapunta zalez beteko da, final laurdenetako faseko neurketak ikusteko. Lehen bi postuetan sailkatzen diren bikoteek ligaxka formatuan jokatuko diren finalaurrekoetara egingo dute aurrera. Denek denen aurka jokatuko dute, joan-etorriko hitzorduetan. Ligaxka hori urtarrilaren 6an hasiko eta eta otsailaren 10ean amaitu.
Finalaurrekoetako lehen bi bikoteek otsailaren 16an, goizez, Winter Series 2024-25 txapelketako txapelak irabazteko final handirako txartela eskuratuko dute.