Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

ZESTA-PUNTA

Zortzi pilotarik jokatuko dute zestako Jai Alai Leagueko lauko finala

EITB MEDIA

Durangoko Ezkurdi frontoian izango dira norgehiagokak, urriaren 7an, 14an eta 21ean, 19:00etan. Azken bi jardunaldiak ETB1en eta eitb.eus-en izango dira ikusgai.

0:58
Jai Alai Leagueko lauko finala aurkeztu dute

Zestako Jai Alai League rankingeko zortzi pilotaririk onenek lauko finala jokatuko dute Durangon, Ezkurdi frontoian, urriaren 7an, 14ean eta 21ean, 19:00etan hasita. Azken bi egunetako partidak ETB1en eta eitb.eus-en ikusteko aukera egongo da. 

Erkiaga eta Gorka egungo txapeldunak azken faserako sailkatu dira, baina ez dute elkarrekin jokatuko. Ispasterko pilotaria da faborito nagusia, beste behin ere. Denboraldi honetan, 6 Slam irabazi ditu (Winter Series, Bilboko Iron Cup, Cesta All Star, Gernika Grand Slam, Biarritzeko Urrezko Xistera eta Paueko Kopa), baita beste horrenbeste Master ere.

Finalean, Thibault Basque izango du bidelagun. Txapela eskuratzeko borrokan, rankingeko lehen aurrelariak eta atzelariak laugarrenen aurka jokatuko dute; bigarrenek, berriz, hirugarrenen kontra. Beraz, finalaurrekoetan, Erkiaga-Basque eta Barandika-Lopez bikoteen arteko lehia izango da. Partida urriaren 14an jokatuko dute. Biek azken unera arte itxaron behar izan dute finalerako azken txartela eskuratzeko.

Lehen finalerdia urriaren 7an jokatuko da. Sorozabal anaiak (Johan eta Gorka), sailkapeneko bigarrenak, Laduche eta Del Rio hirugarrenen aurka arituko dira. Kanpo geratu dira Jean Olharan eta Jérôme Portet, ligako 5. aurrelari eta atzelari onenak.

Arrietari Omenaldia

Iñigo Gorostola pilotari durangarrak omenaldi beroa jasoko du lehen jardunaldian. Kantxa barruan "Arrieta" ezizenez eta kanpoan "Kakatza" gisa, Bridgeporten jaio zen 1980an eta 20 urte pasatxoko ibilbidearen ostean, joan den otsailean hartu zuen erretiroa, Dania Jai Alain (Florida).