Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Zesta-punta

Elaia-Ihart eta Erkiaga-Ibarluzea bikoteek irabazi dute 2024ko Bilbao Iron Cup

EITB MEDIA

Ostiralean Deportivon jokatutako finalean, Elaiak eta Ihartek Erika eta Frida menderatu dituzte, hiru jokotan (15-12, 12-15 eta 5-1), eta Erkiagak eta Ibarluzeak Urrutia eta Del Rio garaitu dituzte, bi setetan (15-4 eta 15-13).

1:32

Elaia Gogenola eta Ihart Arakistain, emakumezkoen txapelketan, eta Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea, gizonezkoenean, nagusitu dira 2024ko Bilbao Iron Cup txapelketan, ostiralean, Deportivon. Elaiak eta Ihartek Erika eta Frida menderatu dituzte finalean, hiru jokotan (15-12, 12-15 eta 5-1), eta Erkiagak eta Ibarluzeak Urrutia eta Del Rio garaitu dituzte, bi setetan (15-4 eta 15-13).

Hala, Elaia eta Ihart Erika Mugartegi eta Frida Watkins baino erregularrago aritu dira finalean, akats gutxiago egin dituzte, hainbat tartetan eutsi egin diote joko onari, eta, horrenbestez, Bilbao Iron Cup txapelketako txapela jantzi dute, hiru jokotan nagusituta. Berriatuko aurrelaria eta Sopelako atzelaria 15-12 nagusitu dira aurreneko setean, baina aurkariek markagailua berdindu dute bigarrenean, emaitza bera lortuta, euren alde. Hirugarren jokoan, nolanahi ere, Elaia eta Ihart nagusitu dira berdinketa hausteko hirugarren eta azken setean, 5-1, eta, hala, bi pilotari bizkaitarrek eskuratu dute garaipena.

Gizonezkoen finalean, Erkiaga eta Ibarluzea bizkaitarrak izan dira nagusi, beste behin, Thomas Urrutia eta Julen del Rio mendean hartuta. Ezin hobeto moldatzen dira  kantxan biak, eta, gainera, ondo saihestu dute atzelari gasteiztarraren eskuin ederra (neurketako giltzarrietako bat hori izan da). Aurreneko jokoa 15-4 amaitu da, baina bigarrenean markagailua askoz ere estuago joan da, Urrutiak eta Del Riok gora egin baitute. Erkiaga eta Ibarluzea, baina, hobeto aritu dira tanto erabakigarrienetan, eta garaipena erdietsi dute.

Ibarluzea eta Erkiaga, podiumean, txapelak jantzita. Argazkia: EITB Media.

Ibarluzea eta Erkiaga, podiumean, txapelak jantzita. Argazkia: EITB Media.